Zein da zuzena: Etortzen direneino ez dugu alde egingo ALA Etortzen ez direneino ez dugu alde egingo?
Eta zein da zuzena ‘zu joan arte ez naiz isilduko’ adierazteko: Joaten EZ zareneino ez naiz isilduko ALA Joaten zareneino ez naiz isilduko?
Etortzen ez dirENO ez dugu alde egingo da zuzena. Horren baliokidea da Etortzen ez dirEN BITARTEAN ez dugu alde egingo. Alegia, etorri arte (etortzen ez diren bitarte guztian), ez dugu alde egingo.
Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI, 112. or. liburukian ageri da erabilera hori, eta –eno menderagailuari dagozkion bestelakoak. Jakitekoa da, gainera, -eno forma dela nagusitu dena Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VI, 112. or..
Bigarren galderari dagokionez, Joatenez zareno, ez naiz isilduko da zuzena (eta, jakina, hor ere -eno da menderagailua, ez -eino). Hor adierazten dena denbora-bitarte bat da, eta bitarte horretan esaten ari da EZ dela isilduko: alegia, zu joan gabe zauden bitarte guztian.
Horrez gainera, ikus hau ere: "Denbora adieraztea: -eno/-eino (deno/deino, gareno/gareino, duguno/duguino)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak-aditzak > adizki jokatuak, hitzak > menderagailuak, perpausa > denbora
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.