Zuzenak al dira harritzen naiz horrela izatea, harritzen naiz horrela izateaz, harritzen nau horrela izateak esaldiak? Eta harritzen zait horrela izatea zuzena da?
Hirurak dira zuzenak. [EH:harritu] aditza da eta du sailetakoa da, hiztegian esaten denez; beraz, egoki dira bai harritzen nau eta bai harritzen naiz. Lehenak horrela izateak eskatzen du, jakina. Bigarrenaren osagarriari dagokionez, Harritzen naiz horrela izateaz arruntaz gain, ontzat ematekoa da Harritzen naiz horrela izatea ere, Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII, 539. or. liburukiaren arabera: «Inoiz, hizkera batzuetan bederen, absolutiboa bera baliatzen da teorian instrumentalarena litzatekeen lekuan (anakolututzat har liteke, baina nolabait gramatikalizatua dago): Harritzen naiz aitak hori esatea(z)».
Egokia da harritzen zait forma ere; molde horretako adibide hau ageri da aipatutako atalean Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII, 540. or.: Harritzen zait aitak hori esatea.
[OEH:harritu] sarreran aurki daitezke adibide gehiago.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > mugatzaileak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura, hitzak > determinatzaileak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.