A ze(r) idatz daiteke ala beti Hara zer idatzi behar da? Ez baitu inork horrela esaten, baizik eta A ze(r) entzuten da.
Bai A ze(r) [EH:a zer], bai Hara zer [EH:hara (3)], bi moduak baliokideak eta baliagarriak dira, Euskaltzaindiaren Hiztegian ikus daitekeenez. Adierazgarriak dira aipaturiko azpisarreretan ageri diren adibideak; baita hiztegiko beste adibide batzuetan ageri diren A zer interjekzioaren hauek ere: A zer lasaitua etorri zitzaiona! [EH:lasaitu], A zer muturrekoa eman didan! [EH:muturreko], A! zer ona zaren! [EH:zer]. Baliokidea da zenbaitetan Oi, zer interjekzioa ere [EH:oi1]. Oi, zein argiak diren gizonen begiak!
A zer / A ze formen arteko aldeaz, ikus hau: "Ortografia: zer, zein / ze (zer ordu, zer polita, zer ona...)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak > interjekzioak, perpausa > harridura
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.