Hitz egin aditzak onartzen al du (tradizioan, eta erabileran) euskara bezalako osagarria absolutiboan? Zenbateraino dira ohiko/ezohiko euskararen tradizioan horrek euskara hitz egiten du edo zein hizkuntza hitz egiten dute? bezalako esaldiak?
Euskarazko tradizio idatzian ez da ohikoa galderan aipatzen den euskara hitz egiten du egitura. Askoz ere erabiliagoa da euskaraz mintzatu / berba egin / hitz egin egitura, izenondo bat duelarik inesiboan (euskara ederrean mintzatzen da, euskara goxoan...).
Beste aditz batzuekin maizago gertatzen da kasu absolutiboa erabiltzea: euskara ikasi, jakin, irakatsi eta abar. Adibidez, bretoia ikasten dute frantsesa bezain ongi; frantsesaren ikasterat; euskara bera ikasi zuen; euskara jakitez gainera; euskara ere irakatsi du eta abar.
Hala ere, badira tradizioan euskara hitz egin moldeko adibide bakan batzuk: Ez zauzkigu erdaran lokartu ezpainak, euskara baizik ez du mintzatzen artzainak (Xalbador, Odolaren mintzoa, 111. or.).
Ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: ari izan (batuan ari da / batuaz ari da)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza
Unitate-mota: hitzak-aditzak > erregimena, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.