Zein dira noiz arte? galderari erantzuteko forma zuzenak kasu hauetan: etzi arte / etzira arte; ostiral arte / ostirala arte / ostiralera arte; azken unera arte / azken unerarte; mendera arte / menderarte; urtera arte / urterarte; ordura arte / ordurarte, ordurarteko...
Batasunerako ezer hobetsi edo arautu ez bada ere, galderako adibideen arteko hauek oker daude: *azken unerarte, *menderarte, *urterarte, *ordurarte, *ordurarteko; besteak ondo: etzi arte, etzira arte, ostiral arte, ostirala arte, azken unera arte, XX. mendera arte, datorren urtera arte, ordura arte, ordura arte...
Hiru egitura erabili izan dira eta erabiltzen dira noiz arte galderari erantzuteko: <Ø arte>, <-a arte> eta <-ra arte>.
Beti dira okerrak loturik emandakoak (adibidez, *ordurarte). Arte bereiz idatzita ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian [EH:arte] jasotako adibide guztietan. Horrez gainera, ikus 37. araua.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, morfologia > mugatzaileak, morfologia > postposizioak, sintaxia > sintagma-egiturak
Unitate-mota: hitzak > adberbioak, hitzak > determinatzaileak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.