Zuzena al da Bost axola dit zer egingo duzun esaldia? Horrelako esaldiekin daukadan zalantza zera da: aditz nagusia Nor-Nori-Nork motakoa izanik (dio aditza), NORK kasua mendeko perpausak betetzen du; baina NORK marka ez da ageri.
Bestela esanda, Bost axola dit egingo duzunak esango banu, ez nuke zalantzarik, mendeko esaldiak NORK kasuko atzizkia, -ak, agerian du eta (egingo duzunAK).
Zuzena da, bai. Ergatibodun sintagmak ezezik, axola izan aditzak bestelako molde batzuk ere har ditzake osagarri. Adibidez:
a) motibatiboko sintagma bat: niregatik axolarik ez diola (Orixe)
b) genitiboko sintagma bat: izkribatzaileari ez dio ezeren axolarik (V.Iraola)
c) mendeko perpausen bat (zehar-galdera nahiz baldintza-perpausa).
Hona hemen, horren erakusgarri, literaturako adibide batzuk:
Zehar-galdera izanik osagarri:
- Axola dio poza nondik den. (Orixe, Aitorkizunak,135.or.)
- Ez dit axola nora eramaten duzun, gartzela edo urkamendira. (G. Aresti, Tobera, 282.or.)
- Ez duzula axolarik nork hori erran edo manatu duen. (S. Pouvreau, Imitazionea)
Baldintza-perpausa izanik osagarri:
- Ohitura txarrik lehendik baldin badu, inondik batere axola ez digu. (Uztapide, Sasoia joanda gero, 217.or.)
Euskaltzaindiaren Hiztegian ere badira era horretako adibideak [EH:axola izan].
Ikus hau ere: "Aditzaren jokabidea: axola izan (ez zait axola / ez dit axola)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > lokuzioak/kolokazioak, sintaxia > aditza, sintaxia > esapideak, sintaxia > komunztadura
Unitate-mota: hitzak-aditzak > komunztadura, joskera > esapideak, lokuzioak/kolokazioak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.