Bertan eraikitzeko aukera legez onartua duten lurrak izendatzeko, lur eraikigarri erabili izan da azken urteotan (eraikitzeko lur ere erabiltzen da). Zuzena al da eraikigarri adjektiboa adiera horretan erabiltzea? Erabilera zaharrari begiratuz gero, ez al du esan nahi eraikitzen duena (ezen ez eraikitzeko dena)?
Euskaraz -garri atzizkiak bi balio izan ditu historian zehar:
1. Aktibo deitu izan zaiona (egokiago litzateke arazle edo eragile deitzea): barregarri (‘barre eragiten duena’), mingarri (‘min ematen duena’), pozgarri (‘poz ematen duena’), aberasgarri (‘aberatsarazten duena’) eta abar.
2. Pasiboa, aldi berean bi ñabardura izan ditzakeena, ‘merezi duena’ (ikusgarri, esaterako) edo ‘daitekeena’ soil-soilik (ulergarri, esaterako).
Bi balioetan, lehena izan da nagusia; baina ezin da esan bigarrena gaizki dagoenik, inondik ere.
Galderari erantzunez, lur eraikigarri zuzena da euskaraz. Euskaltzaindiaren Hiztegian ikus daiteke [EH:eraikigarri] hitzak bi adiera dituela, pasiboa (1) eta aktiboa (2).
Ikus hau ere: "Nolakotasuna adieraztea: -garri/-kor (hausgarri/hauskor)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak
Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak > adjektiboak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.