JAGONET galde-erantzunak

Toponimia: Iruña / Iruñea

Iruña ala Iruñea, bietarik zein erabili behar dugu?

Euskal izen jatorra Iruñea da, eta, tradizioa berretsiz, hala arautu du Euskaltzaindiak 155. arauan (Nafarroako Udal Izendegia) 2009. urtean. Jada 1979an argitaratutako Euskal Herriko Udalen Izendegian Iruñea izena baieztatua zuen Euskaltzaindiak. Eta berriro baietsi zuen Nafarroako Gobernuarekin batera 1990ean kaleratutako Nafarroako Herri Izendegian ere. Azkenik, hala berretsi du Onomastika batzordeak 2017an, Iruñeko Udalak eskatuta Patxi Salaberri euskaltzain osoak egindako txostenean.

Besterik da udalak edo foru-administrazioak zer erabaki duten.

Bestalde, gogoan hartzekoa da Iruñea izenaren amaierako -a hori ez dela berezkoa, artikulua baizik, eta, ondorioz, artikulu hori zenbait kasutan galtzen dela. Beraz, Iruñea izena erabiltzean, honako hau da bidea: Iruñea, Iruñeak, Iruñeari, Iruñearekin, Iruñearentzat, Iruñean..., baina Iruñeko, Iruñetik, Iruñera, Iruñeraino, Iruñerantz. Era berean galtzen da azken a hori ondoan beste determinatzaile bat edo adjektibo bat daramanean. Adibidez: Iruñe maitea, Iruñe osoan, gure Iruñe hau... Ikus hemen: [EODA:Iruñea].

Horrez gain, ikus hau ere: "Onomastika: herri-izenetako a itsatsia" (JAGONET).

 

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: izen bereziak > leku-izenak

Unitate-mota: hitzak > izenak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper