Herri-izenetan a itsatsia erabiltzeko arau orokorrik ba ote dagoen jakin nahi genuke, Azpeiti/Azpeitia, Ibarrangelu, Getaria, Iruñea, Plentzia eta horrelako kasuetan.
Euskaltzaindiak, hainbat arautan, herrialdeka onartu zituen herri-izenak (Zuberoakoak, 92. eta 99. arauetan; Lapurdikoak, 108.ean, etab.). Horiek kontsultatzeko biderik errazena, hala ere, [EODA]n begiratzea da.
Arau orokorrik ez dago jakiteko hitz-bukaeran duten a hori a itsatsia den ala ez, eta banan-banan begiratu behar dira herri-izenak.
Batzuek berezkoa dute bukaerako a hori eta, horrenbestez, a hori kendu gabe hartzen dituzte kasu-markak. Horietakoa da, esaterako, Donostia izena, eta hortik dator Donostiatik, Donostiako eta abar esan beharra.
Beste batzuek, aldiz, galdu egiten dute bukaerako a hori kasu-markak hartzean, ez baita a itsatsia. Horietakoa da Bizkaia, eta hortik dator -a kendu eta Bizkaiko, Bizkaitik eta abar esan beharra.
Galderan aipatutako bi izen —Plentzia eta Getaria— markarik gabe datoz zerrendetan. Horrek esan nahi du a itsatsia dutela. Beraz, Plentziako, Getariatik eta abar esan behar da.
Besteak —Azpeitia, Ibarrangelua eta Iruñea—, ordea, kasu-markak hartzeko a galtzen dutenetakoak dira. Beraz, Iruñeko, Azpeititik, Ibarrangelura eta abar dira forma zuzenak.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, izen bereziak > leku-izenak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.