JAGONET galde-erantzunak

Araugintza: Euskaltzaindiaren Hiztegiko hitzak bereizteko irizpidea

Hiztegi Batuan erraz nekusan hitz baten ordez beste bat hobetsita noiz zegoen. Euskaltzaindiaren Hiztegian, aldiz, ez dut antzematen ongi zein den hobespen-bidea.

Hitzen egokitasunari buruzko informazioa hitzaurrean dakar Euskaltzaindiaren Hiztegiak ([‘Ikus halaber’ > “Argibideak”] botoiari sakatuta ikus daiteke hori euskarri digitalean). Han esaten da komunikazio-egoera bakoitzean hizkuntza egoki erabiltzeak hitzak arretaz aukeratzea eskatzen duela. Hiztegi horretan, sarri aurkituko ditu erabiltzaileak hitzak egoki erabiltzeko oharrak, hala nola:

Forma bat ez erabiltzeko gomendioa. Hiztegi Batuan e. marka zeramaten hitzek Euskaltzaindiaren Hiztegian forma hori ez erabiltzeko eta beste forma bat erabiltzeko dioen ohar bat dute zenbaitetan. Adibidez: [EH:eritzi] => iritzi; [EH:mobitu] => mugitu; [EH:abeze] => alfabeto.

Hiztegia zerbait dinamikoa da, ordea, eta kontu hori gaur egun honela interpretatu behar da:

1) Sarrera batzuek ohar hori dute orain ere, ikusten delako oraindik forma horren erabilera azaltzen dela Lexikoaren Behatokian.

2) Beste batzuei debekua kendu eta sarrera normal bihurtu dira, agerraldi asko dituztelako corpusean. Adibidez, ajatu, asanblada, eskumatar.

3) Kontuan izanik gaur egun hiztegia webgunean kontsultatzen dela, bilatzaileari funtzio bat gehitu zaio, forma gaitzetsia kontsultatzen duenari forma gaitzetsia eta oharra eskaini beharrean, hari dagokion forma arautua eskaintzeko. Adibidez, korkoi galdetzen duenak korrokoi sarrera jasotzen du bere datu guztiekin. Edo hauzoren kasuan, auzo; mindegirenean, mintegi, etab.

Beste funtzio bat ere badu bilatzaileak gaur egun; akats ortografiko batekin egiten bada kontsulta, erantzunak forma akastun horren hurbileko forma arautuen sarrerak erakusten ditu. Adibidez, norbaitek arratxalde galdetzen badu, erantzunak arratsalde bere azpisarrerekin, arrantzaldi, arratsaldeko eta arratsaldero sarrerak erakusten ditu.

Hiztegi Batuan h. marka zuten hitz batzuek, beste bat hobesteko. Euskaltzaindiaren Hiztegian, beste hitz hori ―lehenesten dena, alegia― definitzaile gisa dutela ageri dira lehen h. zutenak, eta gehienetan definiziorik gabe eta adibiderik gabe ageri dira. Lehenetsiak direnak, aldiz, definizioarekin, adibideekin eta bestelako xehetasunekin ageri dira. Erreparatu, esaterako, hitz hauei ematen zaien trataerari:

- [EH:nafartar]/[EH:nafar]

- [EH:gaztelera]/[EH:gaztelania]

- [EH:hamazortzi]/[EH:hemezortzi].

 

Data: 2023-01-30

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: morfologia, lexikoa > orokorra, ortografia, sintaxia

Unitate-mota: hitzak

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper