Duela zenbait hilabete ohartarazi zidan adiskide batek: "Hamazortzi esaten duk, baina Euskaltzaindiak hemezortzi hobesten dik". Hala al da? Non dago hori arautua edo adierazia?
Bi formak zuzenak dira eta biek dute tokia euskal testuetan (7. araua), [EH:hemezortzi], [EH:hamazortzi], "zenbaki kardinalak" (EBE); hala ere, badute alde aipagarri bat.
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren sarreran, adierazten da hitz batzuk lehenetsita/hobetsita daudela erabilera zabalagoa dutelako; horietakoa da hemezortzi. Molde horretakoak kategoria gramatikal, definizio eta adibidez horniturik ageri dira hiztegian. Beste batzuk, aldiz, eremu txikiagoan erabiltzen direlako batez ere, modu soilean ageri dira hiztegian, inolako kategoria gramatikaleko markarik gabe, definiziorik gabe eta, gehienetan, adibiderik gabe; hitz definitzaile batek bakarrik lagundurik ageri dira: horietakoa da hamazortzi.
Beraz, euskara estandarrari begira, hemezortzi dago lehenetsia, baina komunikazio-egoera jakinetan hamazortzik ere izan lezake tokia; esate baterako, mendebal-giroko testuetan.
Horrez gainera, ikus hauek ere: "Lexikoa: indaba/babarrun" (JAGONET).
Data: 2022-03-29
Zalantza-mota: morfologia > zenbatzaileak, lexikoa > orokorra
Unitate-mota: zenbakiak > kardinalak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.