Egun on, guztioi /Egun on guztioi. Esapide horretan koma jarri behar al da?
Galderako esaldia interjekziotzat hartzekoa da (‘agur-esaldi’ modura erabiltzen dena) eta komarik gabe idaztekoa da, esaldi horretan ez baitago koma eskatzen duen elementurik: ez dago bokatiborik —ez da Egun on, Jone esaldiaren parekoa—, ezta ere ageriko aditz-isiltzea lukeen esaldirik ere ―esaterako, Egunez, lana [egiten dugu])―. Egun on guztioi dena batera hartzekoa da, eta etenik gabe esaten da, On egin dizula, Egun on dizuela (guztioi) edo Ongi etorri (denok) diogunean bezala. Ez du, beraz, komarik behar.
Etorri aditzari loturik ez doan elementuren bat izanez gero, etena egiten da, komaz adierazia: Ongi etorri, bihotzez.
Interesgarri deritzegu Orotariko Euskal Hiztegian ageri diren adibideoi: Egun on guztioi (Tomas Gerrikagoitia, Arantza eta larrosa). —Egun on Iainkoak. —Bai zuri ere (Orixe, Quiton arrebarekin). "Jainkoak egun on!" esatea nai izaten zin. (Ataño, Txantxangorri kantaria). Azken bi adibide horietako “Jainkoak” ere aditzari estu loturiko elementua litzateke, aditzik balego, eta ezin da bereizi.
Data: 2022-03-29
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > esapideak, ortografia > puntuazioa, ortografia > marka tipografikoak
Unitate-mota: joskera > esapideak, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.