Nola esaten da: Oso ona da matematikan ala Oso ona da matematiketan?
Modu estandar formalean eta testu espezializatuetan singularra nagusitu da azken urteotan. Ikasgaiaren izena ere hala erabiltzen da ikasliburuetan: Matematika. Hala ageri da araua den Euskaltzaindiaren Matematikako Oinarrizko Lexikoan ere Matematikako Oinarrizko Lexikoa, 24. or.; baita Euskaltzaindiaren Hiztegian ere, bai hitzaren sarreran [EH:matematika], bai adibideetan. Hala darabilte EIMAn ere Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak (EIMA). Beraz, Oso ona da matematikan aukeraren alde egingo genuke.
Nolanahi ere, bestelakoetan eta ahozkoan, plurala ere erabili izan da eta erabiltzen da. Aski da, horretarako, OEHko adibideetara jotzea. Inguruko beste hizkuntzetan ere bietara ikusten da.
Data: 2023-01-30
Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, lexikoa > orokorra
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.