Zein galde-hitzarekin doan adjektiboak artikulua behar al du? Adibidez, Zein gozo(a?) dagoen janaria! esaldian, gozo ala gozoa? Egon aditzarekin, beti mugagabean egin behar da?
Aldea dago perpausa adierazpenezkoa den ala harridurazkoa.
Galderako perpausa harridurazkoa da, eta era horretakoek egitura hau dute, salbuespenak salbuespen: <[zer/zein/zeinen... graduatzailea] + (izena+) izenondoa + artikulua>. Ze(r) handia den mendia!, Zeinen ederra mutiko hori!, Zein gozoa gaurko bazkaria! Zein opari polita egin didazun! Aldiz, artikulurik ez dute adberbioarekin doazenean: Zer/nolako azkar egin duzun! Zein dotore kantatu duzuen!
Adierazpenezko perpaus bat osatzean, aldiz, egon aditzarekin, mugatuan nahiz mugagabean joan daitezke predikatu-osagarriak (Hegoaldeko joerak mugatura jotzen du normalean): Semaforoa gorri(a) dago. / Gazi(a) dago zopa.
Gertatzen da hitz batzuek bi kategoria izan ditzaketela, izenondoedo adjektiboa eta adberbio edo adizlaguna, eta hor sor liteke zalantza. Lasai, gozo, motel, azkar, dotore... adjektiboak zein adberbioak izan daitezke, eta kategoria bataren zein bestearen arabera joka dezakete. Adjektibotzat hartzen bada [nolakoa], artikulua bereganatzen du: Ze(r)/Zeinen lasaia den mutil hau! Zein gozoa [dagoen] gaurko zopa! Adberbiotzat hartzen bada [nola], ez du artikulurik behar: Ze(r)/Zein/Zeinen lasai datorren mutila!, Zein gozo hartu gaituzten gaurkoan!...
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > mugatzaileak, sintaxia > perpausak
Unitate-mota: hitzak > adjektiboak, hitzak > determinatzaileak, perpausa > harridura
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.