Euskararen eguna dela eta, zein dago ZUZEN esanda?:
Abenduaren 3a euskararen eguna
Abenduak 3, euskararen eguna
Abenduaren 3, euskararen eguna
Itxura guztien arabera, publizitate-afixa edo -kartel bateko informazioa emateko moduaz egiten da galde.
Hala izatera, lehenengo biak egoki daude, baina era honetara ulertuta:
- Dena lerro berean segida moduan idatziz gero, nahitaezkoa da koma:
Abenduaren 3a, Euskararen Eguna
Abenduak 3, Euskararen Eguna
- Afixa batean bi elementu independente gisa muntaturik jarriz gero, joan daitezke komarik gabe, baina lerro banatan:
Abenduaren 3a
Euskararen Eguna
Abenduak 3
Euskararen Eguna
Hirugarrena ez da zuzena; artikulua falta zaio datari: Abenduaren 3a behar du (37. araua). Hartara, lehenengoaren pare-parekoa da.
Dena delarik, erreparatu letra larri/xeheen auziari; izan ere, ospakizun erlijioso, zibil, politiko eta gisakoetan, letra larriz idazten dira izendapenaren hitz guztiak. Kasu honetan, Euskararen Eguna behar luke.
Data: 2023-01-30
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: morfologia > data, morfologia > kasu-markak, morfologia > mugatzaileak, ortografia > puntuazioa
Unitate-mota: hitzak > determinatzaileak, karaktereak > markak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.