JAGONET galde-erantzunak

Lexikoa: errege, erregina (erregealdi/erreginaldi, erreinaldi, erregeorde/erreginaorde)

a) Erreginari buruz ari garela, erabil dezakegu erreginaldi? Hiztegian ageri den erreinaldik bietarako (erregearentzako eta erreginarentzako) balio al du?

b) Erregeordetza ageri da hiztegian; erabil al daiteke erreginaordetza?

a) Erreginaldi hitza ez da ageri ez Orotariko Euskal Hiztegian, ez Euskaltzaindiaren Hiztegian eta ez Lexikoaren Behatokian ere. Ez eta gainerako hiztegi elebidunetan ere. Tradizioan erregealdi erabili izan da gizonezko zein emakumezko errege-erreginek erreinatu duten aldia, hots, erreinaldia, adierazteko.

Hala ere, argigarria da erreparatzea Euskaltzaindiaren Hiztegian [EH:erreinaldi] eta [EH:erregealdi] hitzei ematen zaien adierari. Erreinaldiri balio neutroa ematen zaio (“Errege, erregina, printze edo printzesa batek agintzen duen denbora”); erregealdiri, berriz, sexu-ezaugarria ematen zaio (“Errege baten erreinaldia”).

Beraz, hiztegian gaur egun ageri ez bada ere, ondo eratuta dago erreginaldi hitza (erregina + -aldi), eta guztiz egokia da ‘erregina baten erreinaldia’ adierazi nahi denean.

b) Ildo beretik, ez dago eragozpenik erreginaordetza ere eratzeko.

Nolanahi ere, genero-berdintasunaren ikuspegitik berrikuntza horiek aberasgarriak izanik ere askotan, ez litzateke egokia errege elementua daramaten hitz guztiak aldatzen hastea. Halatan, bada, historiaren joan-etorrian moldaturiko formak beren balio neutroan mantentzea litzateke egokiena (errege-aulki, errege-bide (=errepide), errege-etxe, errege-makila, errege-zubi, errege-lur…); horrelakoetan ez da komeni iturri etimologikoari benetako erabilerari baino gehiago begiratzea.

 

Data: 2022-03-29

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak, lexikoa > orokorra

Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak > izenak

Egoitza

  • B
  • BIZKAIA
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Ikerketa Zentroa

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Ordezkaritzak

  • A
  • ARABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GIPUZKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 DONOSTIA
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAFARROA
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 IRUÑEA
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

Elkartea

  • I
  • IPAR EUSKAL HERRIA
  • Gaztelu Berria. 15, Paul Bert plaza.
    64100 BAIONA
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper