Atzizki alomorfoen aukera hizkera teknikoan: kudeaketa, kudeamendu; antolamendu, antolaketa, antolakunde...
Atzizki desberdinak dira horiek, ez atzizki bakarraren alomorfoak. Behin baino gehiagotan aurki daiteke aditzoin bera atzizki desberdinei lotua (adibide horietan ageri den bezala), baina erabileran forma batzuek aurrera egin dute eta nagusitu egin dira, eta beste batzuk ez. Adibidez, kudeaketa nagusitu da, eta ez kudeamendu.
Beste batzuetan, adiera-bereizketa gertatu da. Adibidez, antolakunde hitzak ‘erakunde’ esan nahi du; antolamendu, antolakuntza eta antolaketa, bestalde, sinonimoak dira, baina antolamendu hitzak, Iparraldean, ‘konponketa, hitzarmena’ esan nahi du.
Halakoetan, Euskaltzaindiaren Hiztegian, tradizio handiena duten formak jasotzeko ahalegina egiten da, eta tradiziorik ez dutenak ez erabiltzeko gomendatzen da. Adibidez, antolamen eta antolabidetza hitzak ez erabiltzeko gomendioa ematen da.
Ikus hau ere: "Ekintza adieraztea: -pen/-men, -keta, -tze (iraungitze, iraungipen)" (JAGONET).
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak
Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.