Euskaltzaindiak onartu ez dituen nominalizazioak, hau da, -pen edo -keta dituzten aditz-izenak, erabil daitezke? Ala hobe da -tzearen bidez adieraztea? Esaterako, zer diferentzia dago iraungitzeren eta iraungipenen artean?
Guk iraungitze aukeratu genuen, baina gerora iraungipen sartu da Euskaltzaindiaren Hiztegian; bada alderik bien artean?
Irizpide orokorrik ba al da -pen eta -keta eta gisakoak erabiltzeko?
-tze atzizkiak zerbait gertatzea adierazten du. Hori bada iraungitze izenarekin adierazi nahi dena, egokia da atzizki hori erabiltzea. Baina -pen atzizkiak, ordea, bi esanahi izan ditzake: zerbait ‘gertatzea’ (iraupen izenean, adibidez) edo zerbait ‘gertatu izanaren ondorioa’ (etsipena, esaterako, ez da ‘etsitzea’, baizik ‘etsitzean, etsi ondoren sortzen den sentimendua’).
Bigarren adiera horretarako ez du balio -tze atzizkiak. Beraz, zein adieratan erabiltzen den iraungipen, hori da kontua. Adiera batean guztiz baliokidea izango litzateke iraungitze; bestean, ‘iraungitzearen ondorioa’ adierazteko, ez.
Bestalde, ez da erraza esatea noiz erabili behar den -pen eta noiz -keta. Atzizki horiekin sortutako izenik erabilienak jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian. Zaila da hortik aurrera joatea, oso azalpen teorikoak eman gabe.
Dena dela, jo Euskara Batuaren Eskuliburura: "-keta/-pen/-zio" (EBE)
Data: 2020-05-14
Zalantza-mota: lexikoa > hitz eratorriak, sintaxia > aditza
Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak-aditzak > aditz-izena, hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.