Zein da euskal hiri nagusiaren izena euskaraz: Bilbo ala Bilbao? Bestetik, jakin nahi nuke Bilboko San Nikolas elizaren ondoan dagoen pasealekuari zelan deitu behar zaion, Arenala ala Areatza.
Biak euskarazko izenak dira: Bilbo eta Bilbao. Hala ere, Bilbao ere euskal izena izan arren, Euskaltzaindiak erabaki zuen Bilbo dela hiriaren arauzko euskal izena: [EODA:Bilbo].
Bestetik, Areatza da pasealekuaren izena. Hala ageri da Euskaltzaindiko Onomastika batzordeak 2002an onetsi zuen Bilboko kale-izendegian, eta izendegi hori da Bilboko Udalak ofizialki erabiltzen duena. Amaierako a hori ez da artikulua, eta beraz, Areatzako, Areatzatik, Areatzan... formak dira erabiltzekoak.
Data: 2020-05-14
Informazio gehigarria:
Zalantza-mota: lexikoa > erdal izenak, izen bereziak > leku-izenak
Unitate-mota: hitzak > izenak
Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.