Euskaltzaindiaren Hiztegia hiztegi arauemailea da, oinarrian 1991n hasi eta 2015ean burutu zen Hiztegi Batua duena, eta adieraz, adibidez eta azpisarreraz eta sarrera berriz hornitzen duena (eguneratze honetan, guztira 38.577 sarrera, 10.055 azpisarrera eta 65.379 adiera jaso dira).
Tradizioan eta egungo corpusetan oinarriturik, hitz bakoitzari dagozkion adibide argigarriak eskaintzen dizkio erabiltzaileari. Gainera, formak arautzeko baliatu diren datu eta argibideetara, Hiztegi Batu Oinarridunera, eta adibideen iturri izan diren Orotariko Euskal Hiztegira, XX. mendeko euskararen corpus estatistikora eta Lexikoaren Behatokia corpusera zuzenean jotzeko bidea ere ematen dio, bai eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasera ere.
Euskal hitzen gaztelaniazko ordainetara joan nahi lukeen erabiltzaileari Adorez 5000 hiztegirako esteka eskaintzen zaio, eta badu Azkueren hiztegian kontsultak egiteko esteka ere, Aurten Bai Fundazioaren aplikazioaren bidez.
Tutorial hauen helburua Euskaltzaindiaren Hiztegiari probetxua ateratzen ikastea da. Hiztegira jotzen dugunean, hitz baten esanahia zein den jakitearekin konformatzen gara, baina Euskaltzaindiaren Hiztegiak askoz informazio aberatsagoa eskaintzen du.
Euskaltzaindiaren Hiztegia (Tutoriala-1)
Euskaltzaindiaren Hiztegia (Tutoriala-2)