Hiztegi historiko-etimologiko bat hizkuntzen diakronia aztertzeko, hots, haien gramatika historikoa egiteko oinarrizko baliabidea dugu, funtsean (cf. Durkin 2009). Hots, diakronia eta filologiaren inguruko ikerketa-tradizio garatuenetan asmatu eta etengabe garatu dute —nahiz neurri batean zeinek bere erara antolaturik eta egokiturik—, testu-kritikan nahiz filologian, fonologia eta morfosintaxi diakronikoan, lexikografia zein lexikologian, dialektologia historikoan eta beste hainbat alor eta alderditan erdietsitakoa hitzen eta hizkuntzaren beraren bilakabidea azaltzeko tresna sail ezagun hau.
Zalantza handirik gabe, esan genezake euskal ikerketa historiko-etimologikoak berandu arte —Mitxelenaren garapen eta eraldaketa iritsi arte— oso aparte zirela alorraren bide eta ohitura errotu horietarik; oinarrizko arazoak, besteak beste, filologiaren garapen eskasa eta diakroniaren helburu desbideratuak genituen (kosta-ahala kosta bilatutako hizkuntzaren jatorri absolutoak eta, bereziki, euskararen ustezko ahaideak, ia salbuespenik gabe tradizio aberats aurreratuetan antzu eta onartezintzat aspaldi baztertutako metodoak jarraituaz eta haietan ikas zitezkeen eraginkor eta eredugarriak atzenduaz edo are haietarik ihesi ere (cf. Trask 1997, Lakarra 2018a).
Meillet eta alorreko langile hoberenen jarraitzaile bati dagokionez, berariaz hiztegi historiko-etimologikorik egin ez arren, teoria linguistiko hoberena eta filologia eguneratuena batu zituen Koldo Mitxelenak bere metodoarekiko gogoeta eta jardun bikain bezain erraldoian: gogora, hurrenez hurren, haren Lenguas y protolenguas eta Fonética histórica vasca gehi Sobre el pasado de la lengua vasca. Horrekin batera, ia 1500 bat etimologiaren (eta beste hainbat hitzen azterketa historikoaren) bitartez, euskararen historiaren ikerketak eraberritu eta oinarri zientifiko sendoen gainean finkatu zituen, halako moldez non munduko beste edozein hizkuntza isolaturen azterketa diakronikorako eredu gisa ere aurkeztu izan diren haren emaitzak (Campbell 2013).
Lehen eskuartean eta orain begi-bistan izango duzun lanaren hurbileko historia 2009ko Euskaltzaindiaren Barne Jardunaldietan Joseba A. Lakarrak aurkeztu Egitasmo-proposamenarekin hasten da; Erakundeak onartu ondoren, 2010etik aurrera zuzendariaz gainera Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osatu taldeak —aldian aldian, batez ere azken aldera, Gabriel Frailek eta Koro Segurolak ere laguntza ederra eman dutelarik— ia 12 urtetan garatutakoaren emaitza da EHHE-200: 2019ko udan atera eta uztail hasieran aurkeztua 640 orrialde handiko gorputza eta ia beste 400eko hitzaurre, iturri eta bibliografia eta hainbat eranskinez inguratua.
EHHE-200 hiztegi modularra da, berariaz miaturiko irizpide batzuen arabera (hitzen erabilera modernoa eta historikoa, hedadura dialektala eta zahartasuna, haien familien aberastasuna eta, nola ez, haiek bildu bibliografiaren pisua ere tartean) eta bere baitan 200 familia eta 2600 bat sarrera hartu ditu, antolamendu modular argi baten gainean eratuaz: familia eta sarrera-buru nagusien laburpena, lehen agerraldiak, historiaren laburpena, protohistoriarena, substratuak eta adstratuak, eratorri interesgarrien berri eta berariazko etimologia-azterketa, eztabaida etimologiko garrantzitsuena bilduaz. Hau dena beti ere hurrenkera eta proportzio batzuk gordeaz. Familien tamainak oso ezberdinak dira, 3-4 kide soileko mailegu gehienetarik 100 eta gehiago dituzten —15-25 edo izango da haietan batez-bestekoa— ondare zaharrekoetara.
Mitxelenaren beraren oparoak beti oinarri, hark ez zituen era askotako tresna eta laguntzak izan ditugu, dela analisiari, dela bilketari dagokionez, euskalaritzan eta hortik harago. Aurrerapen baliagarri horietan badira hainbat diakroniaren teoriari eta hiztegintzari dagozkionak eta aipagarriak dira, orobat, Mitxelenaz geroztiko euskal filologiari zor zaizkionak ere. Guztiak modurik egokienean erabiltzen saiatu gara, alorraren egungo estandarrak eta langak beteaz gure jardunean, oraingo ahalen, aukeren eta beharren arabera. Itxaron dezagun ez laburregi gelditu izana eta, orobat, Malkiel eta Watkinsek gogoratu legez, noiz gelditu ere asmatu izana.
Zehaztasun gehiagotarako irakurle interesatuak jo lezake egunotan Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian inprimatzen diren 2019ko uztailaren 4ko Aurkezpen Jardunaldiaren inguruko aktetan bildutakoetara, tartean daudela beste tradizio garatu batzuetako hiztegigintza mota honetako espezialisten txosten jakingarriak. Haiekin batera dira Joseba A. Lakarra eta Julen Manterolaren txosten bana ere, sarrera gisako honetan baino astiroago jorratuaz hemen labur emandako gai batzuk eta halabeharrez kanpoan utzitako enparauak.
Orain sarean argitaratzen den hau EHHEren bigarren edizio gisa aurkezten dugu. Paperezkotik bertsio digitalerako migrazioan, pantaila bidezko nabigaziorako hainbat egokitzapen egin ditugu, euskarri ezberdinak irakurketa modu ezberdina eskatzen duela sinetsita. Jakina, bilaketa tipikoak egiteko ohiko laukitxoa du erabiltzailea, bertan bilatu nahi duen hitza sar dezan. Ezkerreko zutabean aurkituko du beste hainbat dokumenturen artean, hala nola Euskaltzainburuaren aitzin-solasa, hiztegiaren hitzaurrea bera, eranskinak, bibliografia eta aurkibideak, guztiak PDF formatuan.
Ezkerreko zutabe horretaz gain, beste bi zutabetan ikusiko du banatatuta erabiltzaileak pantaila: erdian, familien egitura eskaintzen duen zutabea dago, paperezko bertsioan II. eranskin gisa argitaratu zena; sarreretan zehar nabigatzeko eta testua irakurtzeko beste modu bat eskaintzen du zutabe honek, irakurketa etimologikoago bat egiteko aukera, hain zuzen, bilaketa alfabetikoetatik harago, irakurtzen ari den sarrera gorabehera dagokion familiaren egitura beti begien bistan edukitzeko moduan.
Azkenik, eskuineko zutabean, hiztegiaren testua bera du erabiltzaileak, paperezko bertsioan bezalatsu aurkeztuta, baina irakurketa errazago egiteko “Historia”, “Protohistoria”, “Substratua” eta “Etimologia” erlaitz hedagarri-ezkutagarriekin antolatuta, bilatzen duen informazio motara arinago jo ahal izateko.
Euskarri berriari dagozkion egokitzapenez gain, hainbat izan dira testuan bertan eginiko aldaketak eta gehiketak, edukizkoak zein formazkoak. Edukiari dagozkionen artean, bi dira aldaketa mota nagusiak: batetik, eztabaida etimologikoetan eginiko moldaketak ditugu, eta, bestetik, zenbait iturriren gehiketa. Lehen taldekoen artean, irakurleak hainbat sarreratan ikusiko du eztabaidak osatuago daudela, hala nola hezkur-en, zeinetan zenbait datu gehigarri eman ditugun hezi-rekiko lotura are gehiago argitzen dutenak, ingelesezko mast hitzak dituen balioen bilakaera kidekoen bidetik, batik bat. Betiere edukizko moldaketez ari garela, bada, ordea, aldaketa sakonagorik ere: zenbait familiaren barreneko egitura aldatu dugu, sarrera batzuk tokialdatuz, sarreretan eztabaidatzen ziren hitzen familia-kidetasunak hobeki zehaztu dugulako, edo argudio askirik ez dugulako bildu familia-kidetasun jakin bat proposatzeko; hori da, esaterako, susperro sarreraren kasua, lehen su-ren barrenean zegoena, eta orain aparteko sarrera gisa sailkatu duguna. Orobatsu gertatzen da adareta-rekin, lehen adar-en azpian genuena, eta orain bereiz jarri duguna; eta neba-rekin, lehen anaia-ren pean zegoena, eta bazter-ekin, lehen barren-en zegoena. Berez, hitzak familia etimologiko ezberdinekoak direnean, edo gutxieneko ziurtasunik ez dagoenean lotura etimologikoa ezartzeko, aparte jarri behar dira haiei dagozkien sarrerak, eta irizpide horri zintzoago eusten saiatu gara.
Etimologiazko eztabaidek ekarritako aldaketez gain, edukia zertxobait osatu duten bi iturritako datuak ere gehitu ditugu: Maioraren Reino De Navarra. El Nativo Vascongado (2020) liburua arakatu dugu, lehen lekukotasun zenbait aurreratuz, eta Isasi et al.-en Léxico vizcaíno (siglos XIV-XVI) izenburuko artikulu luzea ere (2005) miatu dugu, nahiz eta, oro har, han bildutakoak jasoak genituen lehendik ere, gure corpuseko agiriak erabiltzen baitituzte.
Formari edo aurkezpen moduari dagozkion hainbat aldaketa txiki baina testu osoa zeharkatu dutenak ere egin ditugu:
a) Wartburgen hiztegiari eginiko erreferentziak ohikoa den formatura egokitu ditugu, few siglak eta faszikulua, orrialdea, zutabea eta sarreraren atala adierazten dituen notazioa erabiliz.
b) Orobatsu Corominesen eta Corominas & Pascualekin hiztegiekin, ohikoak diren DECat eta DCECH sigletara aldatu baititugu haiekiko erreferentziak.
c) Mitxelenaren erreferentziak sistematikoki egokitu dira: paperezko edizioan, Obras Completas-eko liburukira eramaten zuten erreferentziek, “Mitx V, 234” moduko notazioekin; bertsio digital honetan, Mitxelenaren lanen urte zehatza jarri da, beste autoreekin lanekin egin bezalaxe, eta bibliografian ere lan horien erreferentzia zehatza gehitu da.
d) Reyren hiztegirako erreferentziak ere murriztu ditugu, jakin baitugu hark Trésor de la Langue Française (TLF) lanetik edaten duela, eta egokiago iritzi diogu iturri horretara zuzenean jotzea.
e) Zenbait laburdura edo sigla ere aldatu ditugu, batez ere erromanistikan tradizioa duten ohituretara lerratuz: horrela, “RayLesp” zena “LespyR” da orain.
Lan hauetan Koro Segurolaren laguntza ezin eskertuzkoa izan dugu, Mitxelenaren erreferentziak egokitzen lan nekeza bere gain hartu baitu, bibliografian autore horri dagozkion sarrerak osatzeaz gainera. Orobat eskertu nahi dugu Aitor Maritxalarrek hiztegia sarerako egokitzen egin duen lan bikaina.
Uste dugu, oro har, hobekuntza nabariak ekarri dizkiotela testuari aldaketok guztiok, eta espero dugu euskarri berri honetan aurkezten dugun testua urrats berri bat izatea euskal ikasketa historiko-etimologikoetan.
Joseba Lakarra eta Julen Manterola
Gasteizen, 2021eko maiatzaren 5ean
Azkue Biblioteka eta Artxiboa Euskaltzaindiaren zerbitzura dago. Horrez gainera, zabalik dago ikertzaile ororentzat, eta bere ahalbideen neurrian euskal kultura gaien ikerkuntza eta hedapena sustatzen eta laguntzen saiatzen da.