1 emaitza.
Beraz, hau da Euskaltzaindiaren erabakia:
Bereiz idatziko dira:
— aposizioak (Bidasoa ibaia),
— egin, eman, hartu eta eragin aditzekin osatzen diren aditz elkarteak (lo egin),
— etxez etxe moduko bikoiztapenak,
— egin berri modukoak,
— mahai gainean gisako posposizioak,
— bigarren osagaia bila, eske edo falta duten elkarteak,
— lehen osagaia erdal, euskal, giza eta itsas duten elkarteak, ihartuak ez diren neurrian,
— lehen osagaiaren amaierako >a< galtzen denean (biologi azterketa).
Marrarekin idatziko dira:
— gorri-gorria moduko bikoiztapen indargarriak,
— apurka-apurka bezalako bikoiztapenak,
— seme-alabak, zuri-gorri modukoak,
— barra-barra, plisti-plasta bezalakoak,
— Ezkio-Itsaso moduko leku izen elkartuak (bi hizkuntzatan ematen direnean, ordea, ez: Lizarra / Estella).
Loturik idatziko dira:
— jarleku moduko elkarteak,
— aldagaitz bezalako izaera elkarteak,
— odolustu moduko izen-elkarte arruntak,
— bigarren osagaia -gin, -gile, -zain, -zale, -dun, -gabe edo-ta -gintza, -za(i)ntza duten elkarteak,
— bigarren osagaia -aldi, -buru, -gizon, -(g)une, -kide -(k)ume, -orde duten izen elkarteak,
— lehen osagaia aurre-, azpi- eta -gain duten izen elkarteak,
— lauburu moduko elkarteak.
Marrarekin edo marra gabe, nahi den bezala:
— eguzki lore, eguzki-lore moduko izen elkartu arruntak,
— kale garbitzaile, kale-garbitzaile modukoak.
(Bi hitzak letra larriz hasten direnean hobe da, hala ere, marra gabe idaztea).
Elkarteko lehenbiziko osagaiak >ia< amaiera duenean >a<-rekin nahiz >a< gabe idatz daitezke: biologi azterketa, biologia azterketa. Bestelako >a< itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira.
Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete >a< hori.
Idazkerari dagokionez, amaierako >a< galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta >a< gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea: kultur etxea, biologi azterketa, kultura(-)etxea, biologia(-)azterketa.