(...)
Zangozako merinerriko ibar eta udalerria, hem hauek osatua: Adoain, Aietxu, Elkoatz, Eparotz, Ezkanitz, Gindano, Imirizaldu, Irurozki, Lareki, Ongotz, Ozkoidi eta Zabaltza. Herriez gain herrixka batzuk badira: Arieltz, Aristu, Jakoisti, Larraun, eta Santafe basilika. Oroitzapen guzien arabera Udalak han egin izan ditu bilerak beti. Historian zehar herri batzuk hustu ziren. Horien artean Aikoa (ibarraren HE, Urraul Beititik hurbil), Aizkurgi (Ezkanitz eta Zabaltzaren artean), Arangozki, Artanga, Artesano, Zerrenkano, Egillor (Egiroz edo Egiror, Zabaltza eta Irurozkiren artean), Larrain, Lete (Aizkurgi, Irurozki eta Eparotzen artean), Nabarze, Raxa eta Sastoia edo Iriberritxipi (Artanga, Eparotz eta Larekiren artean).
Udalerriak, 137,7 kilometro karratukoa, herri hauekin egiten du muga: Aezkoa (I), Zaraitzu (Eiaurrieta eta Galoze, E), Nabaskoze (HE), Romanzadoa (H), Urraul Beiti, Longida (M) eta Artzibar (IM).
Mendizerra bat luzatzen da IMtik Hera, La Coronaren mazizo paleozoikoaren hasiera gisa. Mendizerra horretako gailurrik altuenak Baigura (1.477 m), Erremendia (1.281 m) eta Adoaingo Santa Cruz (1.223 m) dira. Handik hegoaldera erreka batzuk jeisten dira, mendebaldetik Sastoia eta erdialdetik Areta, ibarraren ardatz. Aretaren arroan dira herri garrantzitsuenak eta Sanfe santutegia (Urraulgo gune historikoa, "Sedezarra" betidanik Kofradiak zaindua).
Klima azpiatlantiarra da iparraldeko mendietan, eta azpimediterraniarra erdialdean eta hegoaldean. Klimen araberako landaredia dago: pagoa, ler gorria, artea eta ametza. Baso berrituetan larizio pinua sartu dute.
1984an larreak 6.777 Ha ziren. Oihana 6.728 Ha. Lur landuak 1.014 baizik ez (laborea, zuhain edo bazka berdea, patata-alorrak batez ere). Urtean 500 metro kubiko zur ateratzen dituzte.
Azienda gaur egun haragitako da. Desagertu egin dira lanerako abereak, eta behi, zaldi eta ardi gutxiago dira. 1982. urtean 11.725 ardi zeuden. Sei urte geroago, berriz, 8.717 besterik ez. Azienda haragitako da.
HISTORIA: Erdi Aroan Urraul ibarrak Urraul goiti, Urraul Beiti, Romanzadoa eta Irunberri hartzen zituen. Ibarraren eta gaur eguneko Areta errekaren burualdean "Aietxu ibarra" edo "Valdayechu" izan zen XI. mendetik XVI. mendera bitartean. Horrela aipatzen du Nafarroako Foru Orokorrak. Arangozki, Aietxu, Jakoisti edo Jakoiste, larrain eta Raxak osatua zegoen.
1860. urtean oraindik bazen jendea gaur egun hutsik dauden harri askotan: Aizkurgi, Arangozki, Arieltz (baserria), Aristu, Artanga, Zerrnekano, Gindano, Jakoisti (baserria), Larraun (baserria) eta Sastoia (baserria). Guzira 1.017 biztanle zituen. XX. mendean etengabean hustuz joan da. 1960.eko hamarkadatik aurrera galdera azkartu da (1960an 417; 1970ean 226; 1981ean 162; 1992an 159).
HIZKUNTZA: Ekialdeko mugan Almiradioa eta Romanzadoa bazituen ere, ibarrak euskalduna izaten segitzen zuen XVIII. mendearen bukaeran. Garai hartan, behintzat, gutxik zekiten erdaraz eta gainera zailtasunez mintzatzen ziren.
"Estudio etnográfiko de Urraúl Alto" izeneko artikuluan Luis Pedro Peña Santaigok eta Juan San Martín-ek zehatz-mehatz aztertu dute herriz herri nola iraun zuen euskarak bailarako herrietan. Guk bere datuak herri bakoitzari dagokion azalpenean emanen ditugu. Sarrera honetan zabalagoak diren datuak bildu ditugu. Hauxe diote aipatu ikerlariek: "Zail da zehazten euskararen iraupena Urraulgoitin. Ikerketa eta testigantza zuzenei esker uste dugu euskarak, agian, iraun zuela joan den mendeko bukaera arte bailarako ipar eta mendebaldeko herrietako zenbait familietan. Gainera elebidunak ziren zenbait hiztun mende hasieran bizi izanen ziren oraindik ere...".
Urraulgoiti eta gazteleraren arteko harremanak aspaldikoak omen direla uste dugu. Ziurra ez bada ere, Romanzadoan (Urraul goitiko hegoekialdeko mugan), gazteleraz aspaldidanik mintzatzen da (...)
Urraulgoitiz den bezain batean honako herri hauek agertzen dira Iruñeko Obispadoak (3) 1587. urtean euskaraz mintzo diren herriak zien diren azaltzen duen zerrendan: adoayn, aragoz, aycurgui, ayechu, cabalça, elcoaz, eparoz, escaniz, guindano, larequi, ozcoidi, xacoyt e yrrurozqui.
A.Irigarayk (1), 1778. urterako moldatu zen hizkuntz-kartarako, bailara osoa sartzen du euskaraz mintzo den lurraldean.
Segituan alderazten dugun agiria Juan Pablo Gil de Jacoisti-ri zor diogu. Kontu-liburuak, Jakoistiko quinque libris, 6. folioan, 1720ko ekainaren 12ko aginduan honako hau leitzen da: "...declaramos que el dicho Vicario, y sus subcedores cumplan con la obligación de explicar el Santo Evangelio, leyendo cada vez un capítulo correspondiente al dia inter misarum solemnia, por el catecismo romano del P. Eusevio de Nieremberg esplicado aquel brebemente en lengua basconguada". Agindu hau bailara guzirako baliagarria izan zen ala ez, Irurozkiko parrokia aztertu genuen. Horixe baietz. Irurozkiko parrokiako Kontu-liburuan (edo primiciales), 15. folioan, 1720ko aginduak hauxe dio: "Y declaramos que el dho abad y sus subcesores cumplan con la obligación de explicar el Santo Evangelio, leiendo cada vez un capítulo correspondiente al día intermisarum solemnia por el catecismo tomado del padre Eusebio de Nieremberg explicado aquel brevemente en lengua bascongada".
Angel Irigarayk, aipatu Nafarroako hizkuntz-kartan (2), 1778. urtean Urraulgoiti bete-betean kokatzen du lurralde euskaldunean. Urraulgoitiri dagokionez hori segurua da, Luis Bonaparte 1863. urtean bailaran ematen zen elebitasunaren lekukoa izan baitzen. Honek sailkatzen du Urraulgoitiko euskalkia Hegoaldeko goinafarrerean eta, bere kartan, euskararen muga bailararen erdialdean (4) paratzen du, hain zuzen. Herri euskaldunak ziren: Adoain, Arangozki, Aristu, Artanga, Aietxu, Sastoia, Elkoatz, Jakoisti, Lareki eta Ongotz.
Jadanik ez ziren euskaldunak: Aizkurgi, Zerrenkano, Eparotz, Ezkanitz, Gindano, Imirizaldu, Irurozki, Ozkoidi, Santa Fe eta Zabaltza. Gainera Arieltz, Urraulbeitin dagoen Urraulgoitiko herria.
Horretatik deduzitzen da 1863. urtean euskara bizirik zegoela Urraulgoitiko ipar eta mendebaldean.
Blas de Fagoagak, euskararen muga Nafarroan, Elizaren 1904ko Guía Eclesiástica-ren arabera, Urraulgoitiko herririk ez zuen sartu zonalde euskaldunean." (EEUA).
José Mª Jimeno Juríok berriki argitaratutako artikuloa komeni da hemen aipatzea: El Vascuence en Urraúl Alto (1785). Esandako artikuloan aztertzen ditu Gindano eta Zerrenkanoko abadien arteko liskarrak bertako apezak aukeratzeko orduan, erabakiorra izaki hautagaien, gaur usu ibiltzen den esapideaz baliatuz, "hizkuntz perfila". Horietako batek zioen "que para desempeñar el ministerio sacerdotal en estos pueblos era necesario conocer la lengua vascongada, única que todos conocían bien..."; etsaiak kontrado tesia defendatzen zuen.
Autoreak konklusio hauek ateratzen ditu:
"1. 1785. urtean Urraungoiti "tierra bascongada" zen, bertakoak "puros bascongados" eta "lengua propia del País el bascuenz". Hizkuntz-muga zen Nafarroa ekialdeko "tierra castellana" delakoarekin.
2. Ohiko eta egunoroko hizkuntza euskara zen. Batzuk gazteleraz mintzo ziren, baina gaizki ("chapurriado"), baina beste batzuek gazteleraz deus ere ez zekiten.
3. 1770 inguruko urteetan antzematen da hizkuntza arrotza gero eta sartuagoa dagoela. Honako arrazoi hauek azaltzen dute egoera berria:
- Erdaldunen presentzia (Zerrenkanoko jabea, artzaiak eta morroiak) et Santa Feko elizara etortzen ziren erromes erdaldunena. Hauekin bertakoak "castellano chapurriado" egitera behartuak zeuden.
- Gazteleraz irakasten zen eskoletara neska-mutikoak joan behar izatea.
- Gizonezkoek erdal-herrietara, negozioak zirela eta joan behar izatea.
Azpimarkatzekoa da "receptor" izenekoek, erdaldunek, izan zuten eragina. Erresumako Tribunalek bidaliak izan ziren Zaraitzu eta Erronkari bezalako ibar euskaldunetara, aipatu instituzioak 'gazteleradun'tzat hartu baitzuten.
4. Elizak eutsi zion euskaldunen herrietan euskal apezak izendatzeko arauari, apezen eta herriaren arteko komunikazioa errazteko eta, aldi berean, hizkuntz-amaren iraupena laguntzen zuela".
(...)
Zer:
Non:
Jatorria:
NA.TM