(...)
Gainera, gerta daiteke hizkuntza ofizial bietan izenak nabarmen desberdinak izatea eta horrelakoetan biak normalizatu eta ofizialduko dira. Hala gertatzen da Opellora / Costera, Elexalde / La Iglesia... eta era horretakoetan. Irizpide hori ematen da aditzera Euskararen Erabilpena Arautzeko Oinarrizko Legean ere, haren 10. artikuluak Legebiltzarreko saiora joan ziren alderdi politiko guztien aldeko botoa izan zuelarik [2 Azaroaren 24ko 10/1982 Legeko 10. artikuluan honako hau ezarri zen: // «1. Autonomia Elkarteko lurralde, udal, herri, geografia-gorabehera, hiribide eta, oro har, toki-izen guztien izen ofizialak Jaurlaritzak, Kondaira-Lurraldeetako Foru-Erakundeek edo Toki-Erakundeek finkatuko dituzte, bakoitzak berari dagokion aginte-eremuaren barruan eta, beti ere, jatorrizko izen euskaldun, erromantzezko edo gaztelaniazkoari, hizkuntza bakoitzari dagokion idazkeraz men eginez. // Toki-erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean aurreko atalean esandako izen ofizialei buruzko auziren bat gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzak ebatziko du, aurrez Euskaltzaindiari bere iritzia eskatu ondoren. […] 3. Izen hauek oso ezberdinak izanez gero, bide-seinaleei buruzkoetarako, biak ofizialtzat joko dira»]. Irizpide honen aldekoa da Euskaltzaindiko Onomastika batzordea ere, eta aipaturiko Legean eta Autonomi Estatuan jasotakoari jarraiki, Euskaltzaindia da gai honetan erakunde aholkulari ofiziala [3 Autonomi Estatutuko 6.4 artikuluan honako hau esaten da hitzez-hitz: «Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia izango da erakunde aholku-emale»]. Dena dela, Lege horretan ez da zehazten «oso ezberdinak» izate hori zertan datzan, nahiz eta zentzuzkoak izanik, bertakoek hala hartzen badituzte edo forma bat eta bestea elkar trukatzeko zailak baldin badira, «oso ezberdintzat» jo behar direla dirudien. Argi dago, beraz, Aretxazar, Etxabarri edo Campijo bezalako izenek ezin dituztela onartu baliokidetzat, ez idatziz ez eta era ofizialetan ere, Arechazar, Echabarri edo Kanpijo idazkerak [...] Auzoa / Barrio: ED50 30T X.491628, Y.4775128, alt. 190 m. // Inorritzaren ipar-mendebaldean dagoen auzo bildua dugu hau, handik Uretara eta Gordexolara doan A-3634 errepidearen ezkerrean. Bertara joateko, errepide hori utzi behar da, Mimentzako etxeak igaro eta berehala, ezkerrean dagoen adar bat hartuta. Hegoaldetik ere joan daiteke, A-624 errepidea Lapetaratxeko gainean utzi, muino baten albotik zeharkatu eta ibar batean behera ekialdera jaitsita. // Ahozko hizkeran auzoari Txábarri esaten zaio, azentua lehen -a- bokalean, eta Aiaran nahiz Bizkaiko Enkarterrin toponimoetan maiz gertatzen den fenomeno berezi batez: hasierako Egaldu egin da. Gehienetan bokal hori hitzaren aurretik doan determinante nahiz preposizioren baten parte dela uste izaten da, oker, eta horregatik galtzen da. Gauzak horrela, de Etxabarri esatetik de Txabarri esatera pasatzen da, eta denborarekin izena Txabarri huts bihurtzen da. Eskribauek hala erabiltzen zutelako bihurtu zen ofizial laburtutako forma hori, baina agirietan Echavarri forma ageri da gutxienez XVIII. mendera arte. Esanahia argia da, etxe hitza konposatuetan etxabihurtzen dena, eta berri estandarraren mendebaldeko ordaina den barri osagaiak dituela
(...)
Zer: Auzoa
Non: Lanteno [Aiara]
Jatorria:
IZ.03