Jokoa. Irabaztea edo galtzea eta sariren bat tartean dagoenean, jokoa da, ez jolasa. Adibidez (marratxoz zein bereiz idatzita): pilota(-)joko, herri(-)jokoak, aizkora(-)joko, ahari(-)joko, mahai(-)jokoak, xake(-)joko, karta(-)joko... Olinpiar jokoak dira, ez jolasak. Horrenbestez, futbolariek, esaterako, jokatu egiten dute, ez jolastu; loterian jokatu egiten da, ez jolastu; apustua jokatu egiten da...
Jolasa. Atsegin edota atseden hartzeko jarduna da, olgeta, josteta, eta dirurik jokatzen ez den joko edo kirola. Adibidez: haur(-)jolas, jolas(-)ordu, jolas(-)parke, haragi(-)jolas... Zenbaitetan, hala ere, nola hartzen den, jolas hutsa izan daiteke, edo joko bihurtu. Hala gertatzen da, esaterako, bertsoarekin; jolas hutsa dena joko bihur daiteke, erronka, dema edo txapelketa tarteko. [EH]
EUSKALTZAINDIA. “Lexikoa: joko/jolas/josteta; jokatu (haur-joko/-jolas; mahai-joko; hitz-joko; tokan jokatu)”, Jagonet galde-erantzunak.