Baliokideak dira bi egiturak. Tradizio handiagoa du -tu(a)z joan perifrasiak, baina Hegoaldean -tzen joan aukera joan da ugalduz. Adibidez: Hizkuntza bera aldatuz joan zaigu. Hori aitzakiatzat harturik erantzuna atzeratuz joan da. Errenterian ohiturak, joerak, pentsabideak, hizkuntza bera, aldatzen joan zaizkigu.
Aditz-perifrasiak direnean dira baliokideak —joan aditza egituraren parte denean, alegia—, baina ez, esaterako, honelako esaldietan: IrakurriZ ikasi dute haurrek abestia (NOLA; moduzko perpausa) ≠ IrakurTZEN ikasi dute haurrek (ZER, ZERTAN; perpaus osagarria). Ongi elikatuz segurtatzen da osasuna (*Ongi elikatzen segurtatzen da osasuna). Arituz ikasi dut pianoa jotzen (*Aritzen ikasi dut pianoa jotzen).
KALKOA. Gaztelaniak eta frantsesak joera nabarmena dute aditz-perifrasietarako, eta joan aditzarekin eginikoetara sarri jotzen dute, aditz horren esanahia zentzu irudizkoan hedaturik. Halakoetara itsu-itsuan jo aurretik, testuingurua kontuan hartuta, egokiago da euskarak bereago dituen beste modu batzuez baliatzea (erreparatu adibideotan ez dagoela joan aditzak berezkoa duen ‘abiatze-mugimendu’rik):
?Goazen mintzatzera gizakiaren sorreraz (> Mintza gaitezen gizakiaren sorreraz).
?Demagun jatera zoazen sagarra esferikoa dela (> Demagun (oraintxe) jan behar duzun (jango duzun, jateko zaren...) sagarra esferikoa dela).
?Entzefaloaren barrualdea ikustera goaz jarraian (> Ikus dezagun orain entzefaloaren barrualdea).
?Zer esatera nindoan? (> Zer esan behar nuen?).
?[...] idaztera zoazenean kontuan hartu[...] (> ...idatzi behar duzunean...).
?Ez noa esatera... (> Ez dut esango...).
EUSKALTZAINDIA (1987). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (EGLU II). Bilbo: Euskaltzaindia (473).
—(2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (326).
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (61-62).
HAEE-IVAP (2000). Zalantza-dantza. Gasteiz: HAEE-IVAP.