Gutxieneko da azpisarrera Euskaltzaindiaren Hiztegian (gutxienezko ez da batere ageri), eta, beraz, bera da forma egokia: gutxieneko soldata, gutxieneko distantzia, gutxieneko maila, gutxieneko ahalegina...
Gehieneko/gehienezko bikoteari buruz ere gomendio bera da egokiena: gehieneko prezioa, gehieneko etekina... (nahiz pare bat adibidetan ‘gehienezko iraupena’ esapidea ageri den).
Zenbaitetan, dena den, minimo eta maximo hitzak erabili behar dira, testu teknikoetan batez ere, hala izenetan (maximo absolutua, minimo erlatiboa, funtzio baten maximoa eta minimoa...) nola izenondoetan (Artizarra elongazio maximora iritsi da; erresistentzia elektrikoa minimoa da metaletan eta infinitua isolatzaileetan). [EH; Matematikako Oinarrizko Lexikoa]