EZAGUTU ≠ JAKIN. Ez dira sinonimoak. Arazoa es: (re)conocer / fr: (re)connaître hitzek eragiten dute, baina ezberdintasuna argia da: ‘ezagutzen’ diren hizkuntzak ‘hitz egiten’ (= ‘jakiten’) direnak baino gehiago dira. Ezagutzen dut euskara, baina ez dakit euskaraz hitz egiten. Beraz, esanahi ezberdinekoak dira esapide hauek: euskara ezagutzen du ≠ euskara(z) (ba)daki; ingelesa ezagutzen du / ingelesaren ezaguera du ≠ badaki ingelesez. Ildo beretik, ez dira berdinak jakite(-)maila eta ezagutze(-)maila moldeak ere.
BESTELAKO KALKO BATZUK. Halaxe gertatzen da, esate baterako, izan, ukan, egin, eragin eta antzeko aditzak ordezkatzen dituenean. ?Egitasmoak porrota ezagutu zuen hasiera-hasieratik (> Egitasmoak porrot egin zuen hasiera-hasieratik). ?Industrializazio handia ezagutu zuen Elgoibarrek XX. mendeko 60ko hamarkadan (> Industrializazio handia izan zuen Elgoibarrek / Industria asko hazi zen Elgoibarren XX. mendeko 60ko hamarkadan). ?Ez du berriro poza ezagutuko (> Ez du berriro pozik izango).
‘Izenez ezagutu’ esapidea. Egokia da ‘deritzon’ esan nahi denean . Orixe izenez ezagutzen da. Alfabeto semitiko izenez ezagutzen dena garatu zuten / Alfabeto semitiko(a) deritzona garatu zuten (*Alfabeto semitiko bezala ezagutzen dena garatu zuten). Zalantza egon liteke deklinabideari dagokionez (halako izenez ala halako izenaz?). Biak zuzenak izanik ere, idazleek gehiago jotzen dute mugagabera (izenez).
EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia (jakin sarrera).
— “Lexikoa: ezagutu (poza/garapena ezagutu)”, Jagonet galde-erantzunak.
SALABURU, Pello, KINTANA, Xabier (2014). Euskara hobean hobe. Bilbo: UPV/EHU (116-117).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (110, 189).
SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (81).