SORRERA. 1968. urtean egin zen, Gipuzkoako Arantzazun, Euskaltzaindiaren VII. Biltzarra, eta orduan hasi zen, lehenengo aldiz eta ofizialki, euskara batuaren bidea: hain zuzen ere, idazteko arau gidari batzuk eman edo gomendatu zituenean Euskaltzaindiak (Euskera, XIII. alea, 1968). Bide hura nola eta nora zihoan ikusteko, hamar urteko epea ezarri zion Euskaltzaindiak bere buruari, eta hamar urteak bete zirenean, 1978an, Euskaltzaindiak, batasunaren bilakaera aztertzeko, bere VIII. Biltzarra egin zuen Bergaran. Erabaki behin betikoagoak hartu ziren orduan.
HELBURUA. Euskaldun guztiek ulertu ahal izango zuten hizkuntza komuna ezartzea euskalkien gainetik. Helburu hori lortzeko, garrantzitsua da bai hizkuntza estandarra normalizatzea (lan hori Euskaltzaindiari dagokio) eta bai hezkuntzaren, komunikabideen eta gainerako kanalen bidez hizkuntza normalizatua zabaltzea, ahalik eta hiztun gehienek bere egin dezaten. Hizkuntza komuna ezinbestekoa da hizkuntzaren normalkuntzarako.
EUSKARA BATUA ETA EUSKALKIAK IRAKASKUNTZAN. Euskera aldizkarian (1979, 697.-698. or.) eta 137. arauan dago adierazita zein den Euskaltzaindiaren gomendioa gai horretan.
EUSKARA BATUA, LAGUNARTERAKO ERE BAI? Beti esan izan da euskara batua zein eremutarako den: alegia, euskara landua, zaindua, erabili behar denerako (administraziorako, komunikabideetarako eta irakaskuntzarako). Beraz, lagunartean, kalean, etxean... egoera informaletan euskalkiak erabiltzea zilegi bakarrik ez, gomendagarria ere bada, komunikazioa errazten badu.
EUSKALTZAINDIA (1968). Euskera, XIII. alea, 1968.
—(1978). Euskera. XXIV. alea, 1978 (bereziki 441.-477. or.).
— “Araugintza: Euskara batuaren sorrera”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Araugintza: euskara batua, lagunarterako?”, Jagonet galde-erantzunak.