Bai -t(z)ea nominalizazio-moldea (horixe da modurik ohikoena), bai -(e)la menderagailuarena, bi jokamoldeak onartzen ditu aditz-lokuzio honek . Zu etortzea espero dut / (Zu) etorriko zarela espero dut. Denek espero zuten txapeldun izatera iritsiko zela / Denek espero zuten txapeldun izatera iristea. Esaldia ezezka ere eman daiteke, jakina (hala izatera, -tzerik eta -(e)nik formekin). Ez dut espero zu etortzerik / Ez dut espero zu etorriko zarenik.
Ez du onartzen subjuntiboa.
*Espero dut ondo egon zaitezen (> Espero dut zu ondo egotea).
*Espero dugu liburu hau atsegin izan dakizun (> Liburu hau atsegina izatea / gustatzea espero dugu).
*Espero dugu gure emanaldia interesgarri(a) izan dakizuen (> Espero dugu gure emanaldia zuen interesekoa izatea. Espero dugu gure emanaldia interesgarri(a) izango zaizuela).
Erregimen berbera dute beste aditz batzuek ere; esate baterako, aginduk (‘promes egin’). Jaialdira joatea agindu nion. Jaialdira joango nintzela agindu nion.
EUSKALTZAINDIA (2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (601).
— “Aditzaren jokabidea: espero izan (zu etortzea espero dut) ”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (37).
EHUko Euskara Zerbitzua (2008). "Espero izan", Ehulkuren aholku guztiak.