Euskara Batuaren Eskuliburua

desberdin/ezberdin

desberdin/ezberdin

FORMA. Biek zilegitasun bera dute; sinonimoak dira. Halaxe gertatzen da desberdindu/ezberdindu eta desberdintasun/ezberdintasun hitzekin ere: sinonimoak dira. Baina eratorriak ez dira bi hitzetatik berdin garatu: desberdinki, desberdintza eta desberdintzapen hitzek ez dute ez- aurrizkiaz eraturiko sinonimorik. [EH]

 

KALKOA. Euskaltzaindiaren Hiztegiak honela dio (ezberdin sarrera): “Udaleko alderdi politiko ezberdinak eta kideko esapideen lekuan, Euskaltzaindiak udaleko alderdi politikoak eta kidekoak erabiltzea gomendatzen du”.

Erdarazko (es) (los) diferentes, (los) distintos, (los) diversos / (fr) (les) différents hitzen erabilera jakin batetik dator arazoa (ez baitute halakoetan diferentzia edo bestelakotasuna adierazten, baizik eta bat baino gehiago izatea edo —los/les artikuluarekin— guztiak izatea).

*Gai desberdinak tratatuko dituzte (> hainbat gai, zenbait gai, gai batzuk).

*Berek asmatutako formatu desberdinetan aurkeztu zuten egitasmoa (> formatuetan).

*Legebiltzarreko alderdi desberdinak bat etorri ziren bozketan (> alderdiak / alderdi guztiak).

*Landare desberdinak ernetzen dira (> era askotako landareak).

*Komunikabide ezberdinetan agertu da hori (> hainbat / zenbait komunikabidetan / batzuetan).

?Mota desberdine(ta)ko itemak dituzten jarduerak dira (> Era bateko edo besteko / zeinek bere itemak dituzten jarduerak dira).

 

Gehiago jakiteko

SARASOLA, Ibon (1997). Euskara batuaren ajeak. Irun: Alberdania (57).

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (35. eta hur.).

EHUko Euskara Institutua (2012). "Ezberdin, desberdin (kantitatea adierazteko)", Kalkoen Behatokia.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper