Eduki semantikoa —esanahia, alegia— daraman aditzaren gunea da aditzoina (etor, ibil, egon, ekar, esan...). Euskaltzaindiaren Hiztegian, aditz bakoitzaren sarrerako lehen aipuan, berariaz emana dator bakoitzaren forma.
FORMAREN ARAUA. Aditz-partizipiotik lortzen da aditzoina, eta, salbuespenak salbuespen, honela laburtu daiteke araua [28. araua]:
a) Partizipioa -tu (-du) amaitzen bada, hura kenduta: hartu > har; bazkaldu > bazkal; belztu > beltz (*belz); zehaztu > zehatz (*zehaz); hustu > huts (*hus)...
Izenetik, izenondotik eta adberbioetatik sortutako aditz eratorria denean, partizipioaren forma ere onartzen da aditzointzat: ume/umetu, eder/edertu, urrun/urrundu, huts/hustu...
b) Partizipioa -i formaz amaitzen bada, hura kenduta: etorri > etor, erosi > eros, irakurri > irakur, utzi > utz...
Salbuespenak: aditz-izena -tze izanik, haren aurrean -i- badago (jaikitze, jalgitze, etsitze, bizitze, aritze...), -i- hori ez da galtzen (*jaik, *jaig, *ets, *biz, *ar...> jaiki, jalgi, etsi, bizi, ari...). Itxi eta etsi aditzek beti berekin eusten diote -i horri: *itx ezazu > itxi ezazu, *ez dezagun ets > ez dezagun etsi (Ez hala, ordea, etsi aditzetik eratorritako aditzek —alferretsi, askietsi, baietsi, balioetsi...—, arau nagusiaren arabera jokatzen baitute). Iritzi eta eutsi aditzetan bi aldaerak onartzen dira.
c) Badira -t bukaera duten aditzoin gutxi batzuk: laket/laketu, ausart/ausartu, bat/batu, oroit... (aditz eratorriak dira, oinarrian -t dutenak); ezagut, lant/landu, lot, ohart/ohartu... (literatura-tradizioan hala ageri izan direnez, hala onartu dira).
d) Gainerakoen aditzoinak eta partizipioak berdinak dira: egon > egon, laga > laga, hil > hil, eho > eho...
ESTILO-AUKERAK. Bi dira behinenak:
1. Ahaleran, aginteran eta subjuntiboan, zein erabili behar da: aditzoina ala partizipioa (etor/etorri)? Euskaltzaindiaren arauak ez du beharkizunik sortzen, biak dira zuzenak, baina euskara batuan, bateko eta besteko tradizioa kontuan izanik, aditzoinaren (etor zaitez, ekar ezazu) aldeko joera da nagusi. Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna (379. or.) liburuan, berariaz dago esana: “Euskaltzaindiaren gomendioa aditzoina erabiltzea da”. Esan beharrekoa da, hala ere, Hegoaldeko idazle, argitaletxe eta komunikabide batzuek partizipioa erabiltzen dutela sistematikoki.
2. Aditz eratorrietan (gazte/gaztetu, elkar/elkartu, zehatz/zehaztu), aditzoinak bi forma dituenean (-tuduna eta -tu gabea), zeinen alde egin behar da? Horretan ere Euskaltzaindiaren arauak ez du beharkizunik sortzen, eta ez du ez hobespen ez lehenespenik eman. Nolanahi ere, euskara estandarrean, -tu/-du forma osoa idaztearen aldeko joera ari da nagusitzen Hegoaldean: gizenDU dadin, lodiTU daiteke, gauzaTU dezagun, etab.
EUSKALTZAINDIA. “Aditzaren jokabidea: aditzoina eta subjuntiboa (har ezazu / hartu ezazu)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: aditzoina/partizipioa eta subjuntiboa/ahalera/agintera (ibil naiteke / ibili naiteke)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: aditzoina (lot, ohart, ezagut)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: al + ahalera (sartu al naiteke? / sar al naiteke?)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: aditzoina (lagun/lagundu, ekar, neur, zorrotz/zorroztu)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: aditzoina (ohart, ezagut, laket)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Aditzaren jokabidea: aditzoina/partizipioa (buru/burutu ezazu, areago/areagotu ezazu)”, Jagonet galde-erantzunak.
EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Aditzoinak", Ehulkuren aholku guztiak.