Euskara Batuaren Eskuliburua

bideo (bideo(-)arte, bideo(-)instalazio...)

bideo (bideo(-)arte, bideo(-)instalazio...)

Teknologian hainbeste erabiltzen diren audio eta bideo hitzak izenak dira, soinu eta irudi hitzak izenak diren bezala. Askotan, hitz-elkarteak eratzen dituzte beste hitz batzuekin elkartuta, eta, ia beti, hitz-elkartearen lehen hitza izaten dira, ezkerrekoa. Halakoetan, hitz-elkarte asko bezala idaztekoak dira, hau da, aukerakoa da marratxoz edo bereiz idaztea (testu teknikoetan, dena dela, marratxoz idatzi ohi dira). Adibidez: audio(-)anplifikadore, audio(-)grabazio, audio(-)irteera, audio(-)zinta, audio(-)seinale, audio(-)pista...; bideo(-)anplifikadore, bideo(-)epaile, bideo(-)atezain, bideo(-)euskarri, bideo(-)fitxategi, bideo(-)irteera, bideo(-)joko.

 

Halakoak dira gehienak. Badira salbuespenak, dena dela. Batetik, loturik idazten diren nazioarteko zenbait hitz tekniko, non audio eta bideo ez diren aurrizkiak, hitzaren osagai organikoak baizik. Adibidez, audiograma, audiometria, audiologia, bideoteka, bideonistagmografia. Bestetik, badira hitz batzuk, audio eta bideo hitzekin osatuak eta zuzenean mailegatuak, ortografia bakarrik aldatuta, loturik idazten direnak, hala nola audiobisual, audiogida, bideokasete, bideoklip, bideoklub, bideokamera, bideotex, bideotelefonia, bideotxat. Halakoak hiztegietan agertu ohi dira. Eta bada, azkenik, mailegatua ez izan arren loturik idazten den baten bat, analogiaz sortua: bideozaintza (es: videovigilancia, fr: vidéosurveillance).

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA. “Hitz elkartuak: bideo (bideo-arte, bideo-instalazio...)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Hitz elkartuak: audio (audio-liburua, audioliburua, audio liburua)”, Jagonet galde-erantzunak.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper