Denborazko adieran, behin... -(e)la menderagailu-moldea erdal interferentziaren ondorioa dela dirudi (es: ‘una vez que...’; fr: ‘une fois que...’). Euskaltzaindiaren Hiztegian eta Orotariko Euskal Hiztegian ez da horrelakorik bat bera ere ageri.
*Behin kuota finkatuta dagoela, botoak baliogabetu egiten dira.
Behin adizlagunarekin eraturiko egitura egokiak esapide hauekin ematen dira normalean: behin... -(e)nean, behin... -z gero, behin... -ta/-rik, behin... (-ra) ezkero (> Behin... finkatuta dagoenean / Behin... finkatuta dagoenez / Behin... finkatuz gero / Behin... finkaturik, finkatuta).
Beste adibide batzuk:
Behin abiada hartu zuenean, ez zegoen mutila isiltzerik. Jainkoaren hitza behin bihotzean harturik, leheneko bekatuetara berriz bihurtzen dena. Zeren behin adinean aitzinatuz geroz, ez dituzu [semeak] errazkiago manukortuko.
EHUko Euskara Zerbitzua (2015). "Behin kalko okerra: denborazko esapidea [behin...ela (*)]", Ehulkuren aholku guztiak.