Bat zenbatzailearen plurala da batzuk , eta pluralean egiten du beti aditzarekin komunztadura.
DEKLINABIDEA. 12. arauan («Bat eta batzuk-en deklinabidea») dator jasoa batzukek euskara batuan duen jokoa. Koadroan dago osorik jasoa. Bereziki forma hauei erreparatzea komeni da:
- batzuez da forma egokia, ez *batzuetaz
- batzuetan da forma egokia, ez *batzutan
- *batzu forma ez da onartu baturako (*Batzu etorri dira (> batzuk))
- bereizi egin behar dira batzuk eta batzuek (*Gizon batzuk badakite hori (> batzuek)).
KORRELAZIOA. BAT zenbatzailearekin gorde ohi den bezala —batA/besteA, bateAN/besteAN...— , berdin gorde behar da korrelazioa batzuk erabiltzen denean (pluraleko korrelazioa, batzuk plurala denez): batzuk/besteak, batzuek/besteek..., batzuetan... // beste batzuetan / besteetan.
Adibidez: Etxe honetan ez ezik, orobat gertatzen zen beste etxeEtan / beste etxe batzuEtan / besteEtan ere (*bestetan).
KALKOA. Gaztelaniaren eraginez, sarri, izenondoei balio enfatikoa emateko, oker erabiltzen dira bat eta batzuk; horrelakoetan, hobe da ‘huts’ hitza edo gisakoren bat erabiltzea: ?Inozo batzuk zarete! (> Inozo hutsak/galantak zarete!). ?Alfer batzuk dira arduradun horiek (> Alfer hutsak/itzelak dira arduradun horiek).
batzuk | batzu |
batzuek | batzuk |
batzuei | batzuri |
batzuen | batzuren |
batzuekin | batzurekin |
batzuentzat | batzurentzat |
batzuez | batzuetaz |
batzuetan (1) | batzutan |
batzuetako | batzutako |
batzuetara (1) | batzutara |
batzuetatik (-tarik) (1) | batzutatik |
(1) batzuengan, batzuengana, batzuen baitan, batzuengandik
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (141).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (525-526).
— ““Zertaz” adieraztea: -ez/-etaz (batzuez, *batzuetaz; arazoez, *arazoetaz)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: bata, bestea (batek ostikoa eman dit eta besteak masailekoa / batak ostikoa eman dit eta besteak masailekoa)”, Jagonet galde-erantzunak.