Euskara Batuaren Eskuliburua

bat zenbatzailea / -a artikulua (batzuk/-ak)

bat zenbatzailea / -a artikulua (batzuk/-ak)

Noiz erabili bat zenbatzailea, noiz artikulua? Euskaltzaindiak ez du erabakirik hartu gai honetaz, eta oso zaila da esparrua behar bezala zedarritzea, ez iritziak ez usadioak —euskalkiz eta bestez— ez baitatoz bat zenbaitetan. Zailtasun hori eta guzti, hala ere, badira adostasun handia biltzen duten joera nagusi batzuk —modu zurrunean ez ulertzekoak, hala ere—, eta horiei jarraituko diegu hemen (zehaztasun gehiago nahi izanez gero, jo bibliografiako dokumentuetara).

a) bat mugatzailearen eta -a artikuluaren oposizioa erabiltzen da askotan ezezagun/ezagun oposizioa adierazteko: lagun bat ikusi dut ≠ laguna ikusi dut; sendagile bat etorri da gurera ≠ sendagilea etorri da gurera.

Ezezagun/ezagun edo indeterminatu/determinatu joko hori ederki ikusten da albiste baten edo kontakizun baten hasieran: elementu bat lehenbizikoz agertzean, bat indeterminatuarekin aipatzen da, eta aurrerantzean, berriz, -a artikuluarekin.

Bizkaian gizonezko bat (#gizonezkoa) hil da auto-istripuan. Gizonak 45 urte zituen [...].

Beasaingo langile bat (#langilea) hil da lan-istripuan. Langilea ez da konturatu, antza, [...].

Hogei urteko gazte bat (#gaztea) zauritu da gaur gertatutako istripu batean. Motorrean zihoan gaztea, eta [...].

Behin batean, ikazkin bat (#ikazkina) basora joan zen eta denbora luzean aritu zen lanean. Indartsua zen ikazkina, baina [...].

b) Arestian aipaturiko oposizioa egiteko ez ezik, bat zenbatzailea artikulu indeterminatu gisa erabiltzen da maiz (alegia, bat ez da zenbatzaile soil, ez du zenbatzeko bakarrik balio):

Gaur arratsaldean film bat ikusi dut.

Don Kixote liburu bat da.

Ume bat naiz maisuari eskuak erakusten...

c) Honako hauetan, ‘-a(k)’ mugatzailearen aldeko hautua da nagusi tradizioan:

• Aipamen hutsa egiten denean:

izena, partaideak...

Ikusi: zaldia!

Hara! Hegazkina.

• Atributuaren numero-komunztadura denean (IZAN aditzarekin) ( atribuzio-perpausa: mugagabea eta mugatua):

Etxea(k) txikia(k) d(ir)a (ikus, honen osagarri, aurreragoko d) azpisarrera).

Zu tontoa / tonto hutsa zara (?Zu tonto bat zara).

Lapurrak dira, gero! / Lapur galantak dira (?Lapur batzuk dira).

Gizakien klonazioak fikzioa dirudi (?fikzio bat dirudi).

Hala ere, gaurko autoreetan, izenekin, agerikoak dira bikoiztasunak (Ikus d) azpisarrera ere):

Ni gizakia naiz / Ni gizaki bat naiz.

Plazera da ikustea... / Plazer bat da ikustea...

Sorpresa izan da / Sorpresa bat izan da.

Bestelako atributuetako batzuetan sobera dago mugatzailea:

Ipotx bihurtu zen (*Ipotxa / *Ipotx bat bihurtu zen). ( bihurtu)

Okindegi bat ere gerta daiteke monopolio (*monopolioa, *monopolio bat).

Nolakotasunarekin loturiko balioespen- eta maila-enfasia adierazten duten adjektibo-sintagmekin eta izen zenbakaitzekin moldatzen denean esaldia:

Gau ederra atzokoa!

Egundoko beldurra izan nuen (?Beldur bat izan nuen!).

A zer-nolako zarata atera duzuen! (?Zarata bat atera duzue!!).

Garai ona da lanean hasteko (?Garai on bat da...).

Eguraldi ona espero dugu biharko (?Eguraldi on bat espero dugu...).

Lan oso zaila iruditzen zait (?lan oso zail bat).

Ikusi behar etorkizunean zer opa digun! (?etorkizun batean).

Kristo(re)n/Sekulako mozkorra harrapatu du (*mozkor bat).

Enfasirik ez dagoenean, ez da hain estua:

Interes berezia / berezi bat erakutsi du.

Ohore handia / handi bat da niretzat...

Borrokatu egin beharko da emaitza ona / on bat lortzeko.

Uste dut saio ederra / eder bat egin dugula.

d) Bi formak —'-ak' zein bat— dira zilegi batzuetan:

• Kontuan hartu behar da zer adierazi nahi den, zeren, komunikazio-asmoa zein, kasuistika hau gerta baitaiteke:

- ZER nagusitzea: Aulki txiki bat erosi dute.

- ZEIN nagusitzea: Aulki txikia erosi dute (= Aulkien artean txikiena erosi dute).

- NOLAKO nagusitzea: Aulki txikia erosi dute (= Txikia da erosi duten aulkia).

Amak auto berria erosi du / Amak auto berri bat erosi du: zein da egokia? Lehenengoa; normalean auto bakarra izaten dugunez, hura berria (NOLAKOA) erosi duela adierazi nahi baita. Halabeharrez, bigarren automobila balitz, Amak beste auto bat erosi du litzateke esaldi zuzena.

Kontuan hartu behar da mugatzaileak (-a(k)) balio generikoa duen ala ez (alegia, zenbatzeko asmorik baduen ala ez). Ez badu, ez da bat jartzen:

- Etxea erosi dut. Autoa erosi dut. (≠ etxe bat, auto bat)

- Hitzarmena sinatu dute.

- Perretxikoak batu ditu.

- Baimena behar da han sartzeko.

Badira, hala ere, bikoiztasunak:

- Dutxa hartzera noa / Dutxa bat hartzera noa.

Baina gerta liteke zentzu generiko hertsiak bat eskatzea ere, beste zerbait (ez-generikoa) ez ulertzeko:

- Nola sortzen da enpresa bat?

- Herri-aldizkari bat aurrera ateratzeko, nahitaezkoa da laguntza.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (108-115).

— “Lexikoa: berri (auto berria erosi du / auto berri bat erosi du)”, Jagonet galde-erantzunak.

GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (26-31).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (124-125).

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (72-80).

MUJIKA, Alfontso (2013). "Langilea hil da Euskadi Irratian", 31 eskutik.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper