Euskara Batuaren Eskuliburua

azentu grafikoa erdal izenetan

azentu grafikoa erdal izenetan

LEKU-IZENAK. Badira leku-izen batzuk euskal grafiara egokituta idazten direnak: Andaluzia, Kordoba, Mexiko, Tunisia... Halakoak euskal izenen mailakoak dira, eta, beraz, ez dagokie azentu grafikorik. ( erdal hitzen deklinabidea; atzerriko izenen eta hitzen ahoskera)

Bestelakoen kasuan, araua honela dago:

a) Espainiako probintzia eta probintzia-hiriburuen izenak, baldin eta gaztelaniaz azentu grafikoa badute, euskaraz azentuarekin nahiz azenturik gabe idatz daitezke [32. araua, «Espainiako Erresumako autonomia-erkidegoen, probintzien eta probintzia-hiriburuen izenak»]: León/Leon, Málaga/Malaga, Cádiz/Cadiz...

Oharra: Izen baterako proposaturiko formak ez du esan nahi toponimo horren balizko homonimo guztiei ere ezarri beharrekoa denik. Adibidez, Espainiako Andaluziako Córdoba hiria, euskaraz, Kordoba da; Argentinako Córdoba hiria, berriz, Córdoba da euskaraz ere.

b) Berdin gertatzen da Frantziako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenekin ere [36. araua, «Frantziako Errepublikako eskualde-, departamendu- eta hiriburu-izenak»]; azentu grafikoarekin nahiz gabe eman daitezke: Rosselló/Rossello, Orléans/Orleans, Périgueux/ Perigueux...

c) Europako leku-izenei dagokienez, betiere euskaraz grafia-aldaketarik ez duten leku-izenak izanik, jatorrizkoan bezala idaztekoak dira, hau da, azentu grafikoarekin edo zeinu diakritikoekin hala badagokie, baina zilegi da haiek gabe idaztea ere [154, 157. eta 159. arauak]: Canigó/Canigo, Göta/Gota, Soča/Soca, Júcar/Jucar, Mälaren/Malaren, Mureş/Mures, Öland/Oland, Øresund/Oresund, Sûre/Sure, Vištytis/Vistytis...

Ikusten denez, Euskaltzaindiak ateak zabalik utzi ditu. Eguneroko jardunean, azken urteotan, komunikazio formaletan bederen —idazkera jaso zainduan, alegia—, azentu grafikoak eta zeinu diakritikoak erabiltzera jo dute argitaletxe eta hedabide gehienek, eta baita hezkuntza-erakundeek eta Administrazioak ere, oro har. Hautua ona dela dirudi, azentu grafikoek eta zeinu diakritikoek informazio fonetiko handia baitaramate berekin sarri. Normala da, era berean, testu arruntetan, zeinu diakritiko berezi edo ‘ezezagun’ samarrak —arazo praktikoak tarteko— ez markatzea.

d) Nafarroako erdal eremuko 10 udalerriren grafia propio aipatu behar da [155. araua, «Nafarroako udal izendegia»]: Cárcar, Castejón, Cintruénigo, Lapoblación, Marañón, Mélida, San Adrián, Torralba del Río, Torres del Río eta Villamayor de Monjardín. Azentu grafikoarekin idatzi behar dira. Nolanahi ere, herritar-izen gisa erabiltzean, azentu grafikorik gabe ematen dira: carcartar, castejondar, cintruenigoar... [EH]

 

PERTSONA-IZENAK. Gaur egun, gure kultura-ingurune zabalean, kanpoko pertsona-izenen grafia ez da aldatzen. Hori da irizpide nagusia gure inguruko hizkuntzetan, bai eta euskaran ere. Alegia, Marie Curie, Adolf Hitler, Hillary Clinton edo Italo Calvino (*Maria Kurie, *Adolfo Hitler, *Hilaria Klinton, *Italo Kalbino). Beren jatorrizko grafia horrekin idazten dira euskaraz, abizenen grafia aldatu gabe eta ponte-izenen euskal ordainak erabili gabe. Azentu grafikoa eta zeinu diakritikoak ere ez dira aldatzen: Benito Pérez Galdós, René Descartes, Paul Cézanne, Nuno Gonçalves, Gyögy Lukács, Pelé, Edgar Varèse... [186. araua]

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA. “Ortografia: azentu grafikoa (tileta) erdal izenetan (Kordoba (Espainia), Córdoba (Argentina), couché...)”, Jagonet galde-erantzunak.

ZENBAITEN ARTEAN (2005). Onomastika. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (60).

MUJIKA, Alfontso (2014). "Azentu grafikorik? Bai, eskerrik asko", 31 eskutik.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper