-t(z)ekotan nagusiki Hegoaldeko tradizioan erabili izan da, eta Iparraldeko tradizioan horren parekoa -t(z)ekotz forma da. Hiru balio nagusi, behintzat, ikusten zaizkio: gehienetan, baldintza (Egitekotan, ondo egin. Garagardoa edatekotan, edan ezazu holandesa) edo helburua (Jai hartzekotan gara. Lapurreta egitekotan sartu ziren etxean) izaten da, baina kontzesioa ere izan daiteke ere erantsita (Egon lasai, joatekotan ere, ez diot inori esango eta).
Batzuetan, baldintzatik eta helburutik dute: Inesekin ezkontzekotan, jauregi hori erosi behar duzu ezinbestean. Ikasturtea gainditzekotan, gehiago saiatu beharko duzu.
Baldintzazkoak direnean, etorkizunari begira dauden baldintzak adierazten dituzte maizenik: Garaiz ailegatzekotan, oraintxe atera beharko duzu. Hondartzara joatekotan, garaiz abiatzea onena. Inori laguntzekotz, zuri lagunduko dizut. Halakoetan, egoki erabilita, perpaus nagusiak adierazten duena baino geroago gertatuko den zerbait adierazten du, eta behar edo nahiren bidezko parafrasiekin ordezka daiteke: Garaiz ailegatzekotan, oraintxe atera beharko duzu. (‘garaiz ailegatu nahi baduzu’). Horixe da erabilera egokia.
Horregatik, baldintzazko -t(z)ekotan eta -z gero menderagailua ez dira baliokideak. Zer egingo zenuke bakarrik geldituko bazina? / Zer egingo zenuke bakarrik geldituz gero? / *Zer egingo zenuke bakarrik gelditzekotan? // Euria egiten badu, astiroago gidatu behar da / Euria eginez gero, astiroago gidatu behar da / *Euria egitekotan, astiroago gidatu behar da.
Formari begiratuta, bi multzo bereiz daitezke. Batzuetan, bakarrik ager daiteke, guztiz egitura finko edo ihartu bihurtuta (-tzekotan), eta beste batzuetan, berriz, izen baten inguruan (-tzeko + asmo + -tan), honoko adibideotan ikusten den gisara: Liburua irakurtzeko (asmo)tan etorri gara hondartzara. Auto berria erosteko (asmo)tan naiz.
<Izatekotan (ere)> esapidea. Badirudi, izan aditzari erantsita, erabateko lexikalizazioa gertatu dela izatekotan esapide adberbialarekin. Aurrez adierazi dena osatzen edo modalizatzen duen esapide bihurtu da: Izatekotan ere, beti egon den lekuan baino ez baitago bidea: abertzaleen batasunean. Izatekotan ere bikote maitemindu berriaren trazak izango genituen. [EH]
EUSKALTZAINDIA (2011). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (218-226, 240-242).
— “Baldintza adieraztea: -tzekotan (garagardoa edatekotan, edan holandesa)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Baldintza/helburua/kontzesioa adieraztea: -tzekotan, -tzekotz (egitekotan)”, Jagonet galde-erantzunak.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (69-70).
EHUko Euskara Zerbitzua (2008). "-t(z)ekotan ≠ -z gero", Ehulkuren aholku guztiak.