Izen arruntek ez bezala jokatzen dute adberbio batzuek NONGO eta NONDIK kasuetan.
Izen arruntetan, hitz-oinarriaren azken letra edozein kontsonante delarik ere, -ko eta -tik formak (-e- epentesia tarteko, jakina) erabili behar dira: zuhaitzEko, zuhaitzEtik; babesEko, babesEtik...; baita hura -n edo -l bukaeraduna izanik ere: kartelEko, aitzinEko, haranEtik, irailEtik, zuhaitzEko, egunEko...
Ez da hala gertatzen adberbioekin; horietan, (-n eta -l letrez amaituetan) -go eta -dik moldeen alde egiten da, epentesirik gabe: hemen (hemendik, hemengo), han (handik, hango), orain (oraindik, oraingo), lehen (lehendik, lehengo), herenegun (herenegundik, herenegungo), edonon (edonondik, edonongo)...
Erreparatu adibide hauen aldeari: eguneko (oinarrian egun izena) vs egungo (oinarrian egun adberbioa).
Badira, hala ere, bitasunak onartzen dituztenak (baina ez kasu guztietan): hurbildik/hurbiletik, urrundik/urrunetik, barrendik/barrenetik, barrengo/barreneko...
EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (324.).
—(1993). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (455).