Euskara Batuaren Eskuliburua

partitiboa (-ik)

partitiboa (-ik)

PARTITIBOA BAIEZKO PERPAUSETAN NOIZ ETA NOLA [30. araua]. Izen-sintagma partitiboak lau perpaus-motatan erabiltzen dira: ezezkoetan (Ez dut astirik horretarako), galderetan (Kaferik nahi al duzu?), baldintzazkoetan (Laguntzarik behar baduzu, deitu) eta, indar enfatikoa emanez, baiezkoetan (Zuberoan bada mutil ederrik!).

 

Lehendabiziko hiru kasuetan ez da arazorik, baina bai baiezko perpausetan. Horri buruz hau dio arauak: «baiezko perpausetan partitiboa erabil badaiteke ere, enfasi mugatuetara bakarrik murriztu behar da, testuinguru berezietara, alegia». Halako baiezko perpausetan, galdegaia baietza da, eta, normalean, izenak adjektibo bat izaten du berekin.

 

Inoiz izena soilik utzi nahi bada, interpretazio zuzena egiten lagunduko duen eran jarri behar da; esate betarako: Badauka lanik konjuruak egiten! [Ondoan adjektiboa balu bezala ulertzen da: lan handia edo zaila duela esan nahi da]. Entzuleen artean komentariorik izan zen [honelako esanahi batekin, adibidez: Entzuleen artean izan zen, bai, komentario ugari]. Bazenuen zereginik orduan [honelako esanahi batekin, adibidez: Hark ez, baina zuk bazenuen, bai, zeregina orduan].

 

ERABILERA OKERRAK [15. araua]

• Partitiboan doan izen-sintagmak artikulua eramatea (mugagabean behar du): *Ez dut lanarik egin (> Ez dut lanik egin).

• Sintagmak balio generikoa duenean, ezezko perpausetan partitiboaren ordez artikulua erabiltzea: *Ez dago papera (> Paperik ez da / Ez dago paperik).

• Pluraleko komunztadura egitea aditzarekin: *Ez dituzu lagun onik aurkituko (> Ez duzu lagun onik aurkituko). *Seme-alabarik ez ditut (> Seme-alabarik ez dut).

• Ezezko esaldietan, zalantza sor liteke partitiboa zenbatzaile zehaztugabe batekin doanean: Zein da egokiagoa, Ez dugu hainbeste arazo izan ala Ez dugu hainbeste arazorik izan? Askoz ere erabiliagoa da lehen moldea, eta hori da hobestekoa zalantzarik gabe.

• Ezezko perpaus predikatibo edo atributiboetan (IZAN aditza duten perpausetan) ( atribuzio-perpausa: mugagabea eta mugatua), predikatu osagarrian normalki ez da erabiltzen partitiboa: *Zuek ez zarete ikaslerik (> Zuek ez zarete ikasleak edo Zuek ez zarete ikasle).

 

PARTITIBOAREKIN ERABIL DAITEZKEEN ZENBAIT EGITURA

-ik atzizkia hautazkoa da.

-ik/Ø gabe: Diru(rik) gabe etorri naiz.

-ik/Ø -ena (superlatiboa): Testu(rik) zailena aukeratu du.

• -ik/Ø gehiena/gutxiena: Arrain(ik) gehiena harrapatzen den tokia. Ahalik eta denbora(rik) gutxiena hartzen zuen.

-ik/Ø aski: Neke(rik) aski igaro ondoren.

-ik/Ø asko: Aholku on(ik) asko eman zioten. Ahalegin(ik) asko egin arren.

• -ikgutxi: Berriketa asko eta gauza on(ik) gutxi. Pareko(rik) gutxi du erlijio gaietan, eta nagusi(rik), inor ez.

• Estilo-kontua: Erlatibo-perpausetan, baldin eta ardatza den izena partitiboan badago, perpaus erlatiboa izenaren eskuinera eraman daiteke, partitiboa jarrita (aposizioan dauden bi sintagma eratuz). Hala, arindu egiten da erlatibo-perpausa:

Ez da(go) alferkeriak bezainbat kalte egiten duen pozoinik > Ez da(go) pozoinik alferkeriak bezainbat kalte egiten duenik.

Beste hainbeste egin daiteke ardatza inor edo ezer denean, baldin eta absolutiboan (NOR kasuan) badaude:

Euskal Herrian ez da(go) hark adina diru duen inor > Euskal Herrian ez da(go) inor hark adina diru duenik.

Munduan fisikak gobernatzen ez duen ezer ez da(go) > Munduan ez da(go) ezer fisikak gobernatzen ez duenik.

 

Badira, ordea, gehiegi lerratzearen arriskuz, tentuz zaindu beharreko egiturak ere.

• Zenbatasunezko konparazioarekin ez du tokirik partitiboak: Nik ez dut zuk adina buruhauste izan (*buruhausterik).

Barik postposizioarekin, bi moldeak erabiltzen badira ere, partitiborik gabekoa da askoz erabiliagoa: Diru/dirurik barik etorri naiz.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (275-279).

—(1994). Gramatika batzordea, «Okerrak zuzenduz», Euskera 39, 3: 920-921.

— “Kuantifikazioa adieraztea: hainbeste arazo / hainbeste arazorik”, Jagonet galde-erantzunak.

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (52).

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (68-70).

EHUko Euskara Institutua (2012). "Partitiboa", Kalkoen Behatokia.

EHUko Euskara Zerbitzua (2015). "-(r)IK partitiboa", Ehulkuren aholku guztiak.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper