Amore eman da forma idatzi arautua (amor eman ez da ageri Euskaltzaindiaren Hiztegian). Sarri erabiltzen da erdarazko (es) ‘ceder a/ante’ / (fr) ‘céder à’ esapidea emateko. Hartarako denean, NORI kasuaren bidez eman izan da nagusiki tradizioan. Grinari amore eman. Aspalditik datorren ohiturari amore emanez. Pilatok herriaren eskariari amore ematea erabaki zuen. Demagogia errazenari amore emanaz. Baina <-n aurrean> esapidea ere erabili izan da tradizioan, eta ezin da baztertu: Aurkariaren aurrean amore eman.
Adiera batzuetan, jakina, ez dago -i (NORI kasua) / <-n aurrean> osagaien arteko auzirik: Alferrik zabiltza, ez du amore emango. Ez du amore ematen oihal honek. [EH]
EHUko Euskara Institutua (2012). "Amore eman (-i): presioen aurrean amore eman / presioei amore eman", Kalkoen Behatokia.
BERRIA (2006). Estilo-liburua. Donostia: Berria.