170. arauak —«Amerikako toponimia»— biltzen du Amerikako leku-izenen zerrenda. Ameriketako estatu eta hiriburu guztien izenak 38. arauan daude («Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak»). Izenak kontsultatzeko biderik eroso eta lasterrena Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegira (EODA) jotzea da: http://www.euskaltzaindia.eus/onomastika.
Oharra: Ulertu behar da arau horietan agertzen ez diren lurralde horietako gainerako leku-izenak (arauetan, nagusi-nagusiak edo dena delakoagatik jatorrizkoan ez bezala idaztekoak direnak baino ez dira ageri), bestelako arrazoirik ez badago, jatorrizkoan bezala idaztekoak direla printzipioz, hau da, nazioartean ohikoa den grafiarekin idaztekoak direla euskaraz ere. Hau da, leku-izena arauetan ez badago eta modu berean idazten baldin bada ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz, hala idatziko da euskaraz ere; nazioartean finkatua dagoen grafiarekin, alegia.
Kontuan hartzekoa da, orobat, 51. arauko ohar hau: “Geografia zentzu hertsian kontinenteari Amerika deitu arren, horrek ez du eragozten, hizkuntza mintzatu eta idatzian pluraleko formak ere erabiltzea (Ameriketara —*Amerikatara— joan nintzen, Ameriketatik etorri da...) inguruko erdaretan egin ohi den bezala: Hacer las Américas, Irse a las Américas, Aller aux Amériques, il vient des Amériques...”.
51. arauak dio, halaber, Amerika kontinentearen hiru eremu geografiko nagusien izenak hauek direla: Ipar Amerika, Hego Amerika eta Erdialdeko Amerika (Ertamerika).