Euskara Batuaren Eskuliburua

maileguak

maileguak

Euskarak, beste edozein hizkuntzak bezala, baditu hitz mailegatuak. Horiek araupetzeko, antzina maileguz bereganaturiko hitzen edota gerora mailegatuko zirenen itxura eta idazkerari buruz arau zehatzak eman zituen Euskaltzaindiak Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak izeneko liburuxkan, 1986an, eta urte batzuk lehenago (Euskera 28 (1983) eta Euskera 29 (1984)) harturiko erabakiak jaso ziren bertan. Helburua zuen hitz mailegatu zaharrak eta berriak euskaraz darabiltzagunean nola idatzi behar diren zehaztea. Irizpide horiei jarraituz —hitz mailegatuak euskararen ezaugarri morfologiko eta fonologikoetara egokituz, alegia— osatu ditu Euskaltzaindiak gerora bere hiztegiak. Euskara bi hizkuntza handiren eraginpean egonik (frantsesa eta gaztelania), arazorik behinena, sarri, hizkuntza horietako batetik sorturiko mailegua, formari dagokionez, beste hizkuntzatik sortuarekin bat ez etortzea izaten da (laberinto ala labirinto?, orkesta ala orkestra?, neumatiko ala pneumatiko?), eta baita erreferente bererako bi mailegu ditugunean ere, bata frantsesetik eta bestea gaztelaniatik hartuak (quirófano / salle d’opèration > operazio(-)gela edo ebakuntza(-)gela —kirofano ez da gomendagarria). Halakoetan, forma bat edo bestea aukeratzeko irizpidea formaren nazioartekotasuna izaten da. Mailegu batzuen kasuan, jatorrizko formari eustea erabaki da (curriculum, corpus, ratio, robot...). ( atzerriko izenen eta hitzen ahoskera; izen bereziak: adierazpen izendatzaileen deklinabidea (leku-izen edo pertsona-izen ez diren izen bereziak))

 

Hauek dira laburturik erabaki horiek:

Hitz-hasierei dagokienez, bi gorabehera nagusi daude:

a) Erdaraz hasieran <s + kontsonante> edo r- duten hitzei euskarak protesi-bokala jarri ohi die normalean: a-: arratoi, arropa...; e-: erramu, errege, Erroma...; baita gaur egun ere: erromantiko, erradiografia, erlatibitate, eski..., baina ez dute zertan a-/e-/i- bokalik harturik, elkarketa dela eta, jadanik beste bokalen bat daramatenean: Erreforma/KontrArreforma (Kontraerreforma). Salbuespenak dira berrikitan mailegaturikoak: radar, rally, ranking, record, robot, stop...

b) Antzina euskarak hitz hasierako <p- t- k-> fonemak <b-, d-, g-> bilakarazten zituen eskuarki (bake, denbora, gaztelu), baina joera hori aspaldian galdua delarik, gaur egun ez dago zertan aldaturik. Beraz, gorputz baina korporazio, denbora baina tenperatura, lore baina flora...

Hitz-bukaerei dagokienez, ez dago arau orokor zorrotzik, baina bai jarraibide orokor batzuk:

a) Iturri zaharra latina delarik,

- -u/-o bukaera dela eta, -u bukaera egiten du gehienetan (institutu, zirkulu, kalkulu, artikulu, kapitulu, dokumentu, gradu, minutu, abstraktu...), baina, gaztelaniaren oihartzuna gertu izaki, badira -o bukaera duten asko ere (likido, solido, plano, meridiano, dekano, esklabo, primario, -zio (administrazio, manifestazio...), datibo, moderno, zentro...).

- -al bukaera denean, halaxe egiten du euskarak ere (plural, neutral, bokal, material, katedral...; baina ospitale).

- -r bukaera denean, auzia arazotsuagoa da: (-r) egiten du batzuetan (motor, militar, singular, plazer...), baina baita azkeneko -e gorderik ere (eskultore, pintore, aldare, abduktore...).

- unibertsitate modukoetan, bukaerako -tate hobesten da.

b) Iturri zaharra grekoa denean,

- -u/-o bukaera dela eta, amaierako -o gordetzea oso ohikoa da (dialekto, arkitekto, astro, filologo, antidoto, paralelo...).

- -s bukaera dutenak -s gabe hartzen dira (analisi, miosi, katekesi, psikosi, tronbosi, tuberkulosi, metropoli...), baina -s gorderik -itis bukaera dutenak (flebitis, otitis, meningitis...), edo silaba bateko edo biko hitzak direnean (iris, atlas, glotis, gnosis, polis, pubis, dermis, kosmos..., baina krisi eta tesi). Dena den, hitz horietatik eratorrietan ez: polis baina metropoli, nekropoli; gnosis, baina diagnosi; nolanahi ere, kosmos, mikrokosmos eta makrokosmos.

Salbuespenak dira: sifilis, tetanos eta diabetes.

c) Euskaraz badira, alabaina, azken hamarkadetan geureganaturiko bestelako hainbat ere: mitin, tenis...

d) Mailegu berrien -a organikoari eustea da gomendioa: biologia, filosofia, kultura, historia... Gogoratu behar da, hala ere, hitz horiek arau zehatzak dituztela hitz elkartuak sortzeko. [25. araua]

Badira bestelako arau batzuk ere: noiz g/j; x letra bere baitan dutenak nola eman (estra...); <l, n, r + txistukaria> (bertso, saltsa); hiru kontsonantezko multzoak (substantzia...); bi txistukari elkarren ondoan (diziplina, dizipulu...).

Euskaltzaindiak harrezkero ere hartu ditu erabaki gehiago (ingeles maileguei buruz batez ere), Euskaltzaindiaren Hiztegian jasoak daudenak. Ondorioz, hara jotzea da biderik zuzenena lexikoari buruzko edozein zalantza argitzeko.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1986). “Maileguzko hitz berriei buruzko Euskaltzaindiaren erabakiak”.

—(1996). "Erdaraz "x" idazten denean", Jagonet galde-erantzunak.

—(1996). "Kontsonante-multzoen idazkera", Jagonet galde-erantzunak.

—(2000). "Maileguen zahar-berria: -sz-, g eta j", Jagonet galde-erantzunak.

—(2000). "Gaztelaniaz "o" letraz bukatzen diren hitzak", Jagonet galde-erantzunak.

ZALBIDE, Mikel (1994). “Maileguzko hitzen zenbait muga-arazo”, Euskera 39, 3: 1063-1085.

EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "Hitz mailegatuak: arauak eta irizpideak", Ehulkuren aholku guztiak.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • +34 944 158 144
  • info@euskaltzaindia.eus
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper