-(E)LA eta -T(Z)EA BALIOKIDE. Predikatu batzuek bitara onartzen dituzte perpaus osagarriak: modu jokatuan (egin duela, egingo duela, egin daitezela...) eta jokatu gabean (egitea, egiteko...). Hori gertatzen da, adibidez, erabaki, agindu, espero izan eta beste aditz batzuekin:
Bihar egitea erabaki du / Bihar egingo duela erabaki du.
Etxean gelditzeko agindu (‘manatu’) zion / Etxean geldi zedila agindu (‘manatu’) zion.
Denek espero zuten hura noizbait txapeldun izatea / Denek espero zuten noizbait txapeldun izango zela.
-(E)LA eta IZAN ADITZA
• Osagarria jokatua ageri da gisa honetako itzuli batzuetan: Kontua da aberastu egin dela. Gertatzen dena da gutxi irakurtzen duela.
• Normalean, ordea, -t(z)ea, -tu izana... gisako moldeez baliatzen da izan aditza.
*Azken aldaketa egoitza berria zabaldu dutela da (> Egoitza berria zabaltzea (izan) da azken aldaketa).
▼Haren kezka gaizki jokatu duela da / ▼Gaizki jokatu duela da haren kezka (> Haren kezka zera da: gaizki jokatu duela / Gaizki jokatu izana da haren kezka / Gaizki jokatu izana du kezka / Gaizki jokatu izanaren kezka du / Gaizki jokatu duelako kezka du).
• Besterik da susmoa izan, irudipena izan, esperantza izan eta halako predikatuak; halakoetan, berezkoa da -(e)la erabiltzea: Susmoa dut gaizki jokatu duela / Irudipena dut bietara egin daitekeela.
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (37-38).