Da eta du erregimenak ditu. (da) Enborraren gainera igo da. Ardoa burura igo zaio. / (du) Eskailerak lasterka igo zituen mutilak. Elkarri helduta igo genuen malda. [EH]
Tradizioan, hala ere, batez ere bizkaieraz, nahiko ohikoa da berez da diren aditz batzuk (objekturik gabeak, alegia) du moldez ere baliatzea. Igo zuen zeruetara. Urten eben bere kamararean eta igo eben bere ugazabaren aposentura. (Irten zuen bere ganberatik eta igo zuen bere ugazabaren aposentura).
KALKO-ARRISKUA. Igo, garestitu, merkatu, jaitsi aditzekin, ZENBAT galdetzen denean, kalko desegokia egiteko arriskua egoten da: *Prezioak % 5ean igo dira (> Prezioak % 5 igo dira / Prezioak % 5ez igo dira). *Bi puntu(t)an igo da langabezia (> Bi puntu igo da langabezia). *Ehun euroan garestitu da (> Ehun euro garestitu da).
Egokiak dira egon, saldu, erosi... aditzekin, ZENBATEAN galdetzen denean: Bost euroan zeuden porruak. Bost euroan erosi/saldu ditut porruak.
EUSKALTZAINDIA (1994). “Gramatika batzordearen II. Okerrak zuzenduz”, Euskera, 1994, 3: 939-940.
—(1987-2005). Orotariko Euskal Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
EHUko Euskara Institutua (2012). "Igo", Kalkoen Behatokia.
EITB (2016). EITBren Estilo Liburua.