Euskararen batasuna egin aurretik, urteko hilen erdiek izen bana zuten; beste erdiek, berriz, bina edo hiruna. Gainera, horietako bat, garagarril, bi hilabete izendatzeko erabiltzen zen... Bistakoa zen batasun-premia, zegoen nahasketa-arrisku nabarmenagatik. Horrexegatik hobetsi ziren izen batzuk.
Nolanahi ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasorik daude euskalkietako izenak ere: ilbeltz, izotzil (urtarril); barantaila (otsail); epail, marti (martxo); jorrail (apiril); lorail, hostaro (maiatz); bagil, ereiaro, garagarril (ekain); garagarril, garil (uztail); agorril, dagonil (abuztu); buruil (irail); urrieta (urri); hazil, gorotzil (azaro); lotazil (abendu). [EH]
|
|
Okerrak | Zuzenak |
|---|---|
| *urtarrilan | urtarrilean |
| *otsailako | otsaileko |
| *uztailatik | uztailetik |
| *ekaina honetan | ekain honetan |
| *irailatik aurrera | irailetik aurrera |
EUSKALTZAINDIA. “Lexikoa: hilen (hilabeteen) izen zaharrak (ilbeltz, epail, lorail, garagarril, agorril)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: hil eta hilabete”, Jagonet galde-erantzunak.