Euskaltzaindiak ez du berariaz ohartarazi erdal gerundioak, kalko desegokien bidez, euskaran eragiten dituen joskera desegokiei buruz. Hala ere, gramatika eta estilo-liburu gehienek berariaz ohartarazten dute hura kalkatzeak ekartzen dituen badaezpadako formez.
a) Nabarmenena gerundio narratibo delakoa da. Baztertzekoak dira, esaterako, geroago gertatuko den ekintza bat adierazteko, <partizipioa + -z edo -(e)larik> egitura erabiliz osaturiko esamoldeak. Modua eta aldiberekotasuna adierazteko egokiak dira, baina ez ekintza bat bestearen ondoren gertatzen dela adierazi nahi bada. Horretarako egokiena, besteak beste, ETA juntagailuaz baliatzea da.
*Kolpe bat eman zion, hilda utziZ (> Kolpe bat eman zion, ETA hil).
*Parisera joan dira, datorren astean itzuliko direLARIK (> Parisera joan dira, ETA datorren astean itzuliko dira).
*Leihotik erori zen, hanka hautsi zueLARIK/hautsiZ (> Leihotik erori zen, ETA hanka hautsi / Leihotik erori, ETA hanka hautsi zuen).
*Ekaitza bortitza izan zen kalte handiak eragineZ / eragiten zitueLARIK (> Ekaitza bortitza izan zen ETA kalte handiak eragin zituen / Kalte handiak eragin zitueN ekaitz bortitza izan zen). Ikusi hauek ere: ; .
Zuzenak dira, jakina, testuinguru egokian, honelakoak: Aldeko haizea aprobetxatuZ igo genuen malda (NOLA). Irratia entzunEZ esnatzen naiz goizetan (NOLA). Lotan geundeLA(RIK) lapurtu ziguten motorra (NOIZ/NOLA). Buruz gora etzanda zaudela(rik), altxatu gora besoak! (NOLA). Gurasoak etorri direLARIK (= direNEAN), alde egin duzu (NOIZ/NOLA).
Sarri sortzen du zalantza esanez aditz-forma gerundial ezagunak. Testuinguruak esango digu egokia den ala ez.
• Egokia da hauetan (NOLA): “Kaixo” esanez aurkeztu zuen bere burua. Oihu handi bat egin zuen esanez: (...). Noten izenak esanez abestea da solfeatzea (NOLA).
• Desegokia hauetan: ?Zehatzago esanez, (...) (> Zehatzago esateko/esanda (...)). ?Hitzaren definizioa, beste hitz batzuekin esanez, (...) (> Hitzaren definizioa, beste hitz batzuekin esateko/esanda, (...)). ?Bidea irekita zegoela esanez deitu zidan (> Bidea irekita zegoela esateko deitu zidan).
b) Gerundioaren antzeko perpausak egiteko —-Z eta –(e)LARIK menderatzaileez eta ETA juntagailuaz gain—, euskararen tradizioan badira ongi finkaturiko bestelako erabilera franko:
- ZERTAN galderari erantzuten dion -t(z)en: Bazkaltzen izan gara han.
- NOLA galderari erantzuten dion <partizipioa + -ta/-ik> egitura: Etorrita zegoela ikusita (ikusirik), joan egin zen. Negozio txarra egin dugu, inbertitutakoa kontuan hartuta (*hartuz).
- NOLAri erantzuten dion <partizipioa + -ka eta -z adberbio-atzizkiak>: korrika, deika, dioska, barrez/barreka, negarrez... Loteria tokatu zaigula esaka etorri da etxera.
- NOLA galderari erantzuten dion <partizipioa + -n kasu-marka singularra>: egonean, ibilian, kantuan, errezoan, lanean, aitzurrean, arraunean, jardunean, jolasean...
Zertan ari da? galderari erantzuteko, jatorragoa da lanean esatea eta ez lan egiten, arraunean eta ez arraun egiten, eskean eta ez eskatzen, pilotan eta ez pilotan jokatzen, futbolean eta ez futbolera jokatzen, igerian eta ez igeri egiten...
- NOLA galderari erantzuten dioten postposizio batzuk: eske, begira, bila, zain...
c) Inoiz izaten da zalantzarik gisa honetakoetan: egiTEN ikasten da ala eginEZ ikasten da? Aukera biak dira zuzenak; baina desberdinak, esanahiaren aldetik.
• -t(z)en ikasi "ZERTAN ikasi" galderaren erantzuna da. Adibidez, igeri egiTEN ikasten ari naiz.
• -z ikasi "NOLA ikasi zerbait egiten" galderaren erantzuna da. Adibidez, uretan sartuZ, besoak mugituZ eta oinei eraginEZ ikasten da igeri egiTEN edo taka-taka ibiliZ ikasten da oinez ibilTZEN.
EUSKALTZAINDIA (2005). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (EGLU VII). Bilbo: Euskaltzaindia (321).
— “Modua adieraztea: -z (hartuz, eginez, esanez...)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Modua adieraztea: -z (musika entzunez ikasten da)”, Jagonet galde-erantzunak.
GARZIA, Juan (2005). Kalko okerrak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (84).
HAEE-IVAP (2009). IVAPeko estilo-liburua. Gasteiz: HAEE-IVAP (134).
EHUko Euskara Institutua (2012). "Erdal gerundioa", Kalkoen Behatokia.
ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (319).