Izenondo eta aditzondoetan, batak gradu superlatiboa adierazten du (-en); besteak, konparaziozko gradua (baino... -ago). Lur iritsi da urrutiEN. Lur urrutiAGO iritsi da [bestea(k) baino]. Hari gehiEN(a) atsegin zaiona. Hari gehiAGO atsegin zaio hau bestea baino.
Konparazio-erreferentziarik ematen ez bada (X baino), edo testuinguruan halakoren bat badela ulertzerik ez badago, superlatiboa da erabiltzekoa: Azken hauteskundeetan, zein alderdik lortu du boto gehien (*gehiago)? Nork ekarri du orri gehien (*gehiago)? Aditzaren komunztadura singularrean doa. Gutxien formak ere singularrean behar du aditza: Boto gutxien lortu duen (*dituen) alderdia.
Esplizituki aipatzen badira konparagaiak, bi moduak erabiltzen dira. Isilean gelditzen denaren arabera moldatzen da esaldia orduan [parentesi karratuen artean adierazi da isiltzen dena]:
Nor ailegatu da urrunen [bietatik]: Miren ala Amets?
Nor ailegatu da urrunago [bestea baino]: Miren ala Amets?
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (159).