Ezer, inor, inoiz eta kidekoak (alegia, ezezkako polaritateko diren inon, inondik, inora, inola, etab.) ezezko perpausetan erabiltzen dira gehienetan, baina ez ukatzailea behar dute zentzu negatiboa izateko. Ere aukerakoa da.
—Zer esan dizu? —*Ezer / —Ezer (ere) ez.
—Nor etorri da? —*Inor / —Inor (ere) ez.
Ezezko perpausetatik kanpo, galde-perpausetan eta baldintzazko batzuetan erabiltzen dira batik bat ezer, inor, inoiz eta kidekoak.
Galderetan, bada euskalki batzuetan baliatzen den ñabardura bat, aurresuposizioei dagokiena, ezer eta zerbaiten artean (eta berdin inor eta norbaiten artean, eta abar): ezer eta inor baino modu espezifikoagoan, zehatzagoan ulertzen dira zerbait eta norbait (EGLU I):
Norbait etorri al da (etortzekoak zirenetatik)?
Inor etorri al da? (‘Jenderik etorri al da?’).
Baieztapen-perpaus batzuetan ere erabiltzen dira ezer, inor, inoiz eta kidekoak; batez ere, baldintzazkoetan (hiztun askok erabiltzen dituzte zerbait, norbait, noizbait eta kidekoak testuinguru honetan):
Ezer gustukorik aurkituz gero, erosi egingo dut.
Inor baldin bada ardoari antzematen dionik, huraxe da.
Inoiz ikusi izan ditut horrelako perretxikoak.
Inon egotekotan, frontoian egongo da.
Erabilera berezi bat ere badu inor izenordainak: «inoren» esanda, ‘besteren’, ‘norberarena ez den’ adierazten da mendebaldeko euskalkietan.
Ezetz erantzun nion, narrasegi nengoela inoren etxean bisitari agertzeko.
Norbait, zerbait eta kideko izenordainen esanahi berekoak ditugu hauek: nor edo nor, zer edo zer / zeozer eta abar.
EUSKALTZAINDIA (2016). Euskaltzaindiaren Hiztegia. Bilbo: Euskaltzaindia.
—(1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (50-56).
—(2002). Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna. Bilbo: Euskaltzaindia (60-64).
PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (94-95, 175),.