XEHE/LARRI. Astronomian, planeten, sateliteen, izarren, konstelazioen, galaxien eta, oro har, astro guztien izenetan hasierako letra maiuskulaz idazten da (izen bereziak dira testuinguru horretan). ; Izen bereziak dira Eguzkia, Ilargia eta Lurra. Adibideak: Eguzkitik Ilargira. Lurretik Eguzkira. Satelite bakarra du Lurrak: Ilargia. [EH]
Baina letra xehez idazten dira kasu hauetan:
- testuinguru berezi horretatik kanpo (‘satelite edo astro’ adieratik kanpo, alegia):
eguzkia: Gogotik berotzen du gaur eguzkiak. Gainerako guztiak lokarturik daude, eguzkitan etzanda. Holako asko ez da gertatu eguzkiaren azpian.
ilargia: Horra mendiak ilargitan. Saturnoren ilargiak. Ematen du ilargian dagoela, ez da ezertaz konturatzen.
Letra xehez idazten dira, ondorioz, hauek ere: ilargi bete, ilargialdi, ilargiratu, ilargitar, etab.
lurra: Luze-luze etzanda zegoen lurrean. Oso garesti dago lurra. Sustraiak lur barruan dituelako.
- hitz-elkartera joz gero (marratxoarekin lotuta zein lotu gabe):
eguzki(-)eklipse, eguzki(-)panel, eguzki(-)urte, eguzki(-)energia, eguzki(-)sistema...
ilargi(-)eklipse, ilargi(-)adar, ilargi(-)izpi, ilargi(-)urte, ilargi(-)aldarte...
lur(-)eremu, lur(-)globo, zeru(-)lurrak...
Letra xehez idazteko arrazoia. Hitz-elkarketan, bigarren osagaia izaten da sintagmaren burua, eta, lehenengo osagaia letra larriz hasita idatziz gero, ulertu behar litzateke letra larria elkarteari dagokiola, hots, sintagma osoari, eta ez da hala. Adibidez, eklipseei buruz ari garela, Ilargiaren eklipsea idatziko da, baina, hitz-elkartera joz gero, ilargi-eklipsea idazten da. Ilargi(-)eklipse idatziko bagenu, adieraziko genuke letra larriz idaztekoa dela hitz-elkartearen emaitza, eta hori ez da hala, ilargi(-)eklipse eklipse-mota bat baita, eta eklipse hitza, elkarketaz zehaztua zein ez, ez da izen berezia. Orobat, ilargi(-)adar, ilargi(-)izpi, eguzki(-)eklipse, eguzki(-)panel, lur(-)globo...
KASU-MARKAK. Larriz zein xehez idatzirik joan, izen arruntek bezala hartzen dituzte kasu-markak hirurek, hartzen duten -a hori beti artikulua baita, ez berezkoa. Ilargia da, baina Ilargira, Ilargitik... (*Ilargiara, *Ilargiatik...); Eguzkia da, baina Eguzkitik, Eguzkiko... (*Eguzkiatik, *Eguzkiako); Lurreko, Lurretik... (*Lurrako, *Lurratik...).
EGUZKI ETA MITOLOGIA. Mitologiaren herri-ikuskeran, Eguzki amandrea / amandre Eguzki tratamendua eman izan zaio tradizioan. Beste hauek arrotzak zaizkio euskarari: anaia eguzkia, aita eguzkia, arreba eguzkia, ahizpa eguzkia...
EUSKALTZAINDIA (1991). Letra larrien erabilera euskaraz: Euskaltzaindiaren gomendioak, Euskera, XXXVI (2. aldia).
— “Lexikoa: amandre (ilargi amandrea, amandre eguzkia)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: Lurra, Eguzkia, Ilargia (Lurra/lurra, Eguzkia/eguzkia; Ilargia/ilargia)”, Jagonet galde-erantzunak.
— “Lexikoa: Ilargia (ilbehera, ilgora)”, Jagonet galde-erantzunak.
MUJIKA, Alfontso (2008). Letra larriak erabiltzeko irizpideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (70).